Azpeitiko 45 odol emailek jasoko dituzte diplomak eta intsigniak Loiolan

Uztarria.eus 2018ko urr. 25a, 18:55

Iazko bilkuran atera zuten taldeko argazkia.

Urola Kostako odol emaileek igandean egingo dute urteroko batzar nagusia Azpeitian. Gogartetxean egingo dute ekitaldi nagusia, 13:00etan, eta bazkariarekin borobilduko dute bilkura; 140 lagunek eman dute izena bazkarirako.

Igandean, urriak 28, egingo dute aurtengo batzar nagusia Urola Kostako odol emaileek. Aizarnazabalgo, Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo, Getariko, Itziarko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako odol emaileak daude bertara deituta. Urtero legez, 25 aldiz edo gehiagotan odola eman duten hainbat lagunek aitortza jasoko dute igandeko bilkuran, diplomak eta intsigniak banatuz. Aurten 45 dira aitortza jasoko duten odol emaile azpeitiarrak: 22k jasoko dute errekonozimendua 25 alditan odola eman izanagatik; 40 aldiz odola eman duten zazpi emakumek eta 50 aldiz eman duten 11 gizonek ere jasoko dute intsignia; eta 60 aldiz odola emandako emakume batek eta 75 aldiz emandako lau gizonek ere bai.

Igandean, 11:45ean elkartuko dira Loiolan batzarrean parte hartuko dutenak. 12:00etan meza izango da basilikan eta 13:00etan hasiko da batzarraren ekitaldi nagusia, Gogartetxean. Ohi dutenez, lagunarteko bazkariarekin borobilduko dute urteroko topaketa eskualdeko odol emaileek. Kiruri jatetxean bazkalduko dute, 14:30etik aurrera, eta 140 lagunek eman dute bazkaltzeko izena.