Iraurgi SBk emakumezkoen Añares Rioja taldea aurkeztu du

Uztarria.eus 2018ko urr. 11a, 15:30

Iraurgi Saskibaloi Taldeak 2018-2019 denboraldiko Añares Rioja ISB taldea aurkeztu zuen atzo, asteazkena, Donostian. ISBko emakumezkoen talde nagusia da Añares. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Maier Lizaso klubeko lehendakaria, Luis Agirre Añares Rioja ISBren entrenatzailea eta Hatty Nawhezi atzerritik etorritako jokalaria.

ISBren harrobia da taldearen oinarri, eta horrela azaldu zuen Agirrek: "Taldea jokalari gipuzkoarrekin osatzen saiatu gara, eta azkenean atzerritik etorritako lau jokalarirekin osatu dugu. Beraz, atzerriko lau emakumek, etxeko beste lauk eta Donostiako batek osatzen dugu taldea". Gainera, etxeko jokalariak jokatzera ateratzeko "ahaleginetan" dabiltzala azaldu zuen Añares Riojaren entrenatzaileak: "Astean zehar, taldekoak ez diren baina harrobikoak diren beste hamar emakume etortzen dira gurekin entrenatzera. Hori oso garrantzitsua da guretzat". Agirreren hitzetan, denboraldia "pausoz pauso" hasi nahi du ISBk, eta beren helburua da mailari eustea.  

Añares Riojak bost urte daramatza ISBren babesle izaten, eta hori azpimarratu nahi izan zuen Maier Lizaso ISBren lehendakariak atzoko aurkezpenean: "Klub txikia gara eta apala, baina beti handien pare lanean aritzeko prest gaude. Babesleek zein erakundeek hori nabari dute. Horren adibide da Añares Riojak gaur egun gurekin jarraitzea". Lizasok adierazi zuen, ISBk lanean jarraitzeko "ezinbestekoa" dela erakundeek zein babesleek klubari ematen dieten laguntza, eta haiengatik ez balitz taldearentzat "ezinezkoa" izango zela mailari eustea eta osatu duten taldea osatzea. Horrez gain, neskek saskibaloian eta, oro har, kirol munduan duten lekuari egin zion erreferentzia ISBko lehendakariak: "Guztiok dakigu gaur egun ez dela erraza neskek maila honetan kirola egitea, baina ISBk beti defendatu izan du emakumezkoen kirola; beti nahi izan du hori, eta babesleengatik ez balitz, ez litzateke posible izango. "ISBrentzat oso garrantzitsua da harrobiko neskak erreferente izatea", azpimarratu zuen Lizasok.