Beñat Lizaso Pello Errota bertso sariketako finalean izango da

Uztarria.eus 2018ko urr. 1a, 17:09

Joan zen ostiralean jokatu zuten lehen kanporaketa Zizurkilen, eta han lortu zuen azpeitiarrak finalerako txartela. Bigarren kanporaketa datorren ostiralean izango da Anoetan, eta urriaren 20an finala Asteasun.

Beñat Lizaso Pello Errota bertso sariketako lehen edizioko finalean izango da, lehen kanporaketan Asier Apirozekin batera nagusituta. Ostiraleko finalaurrekoan kantatu zuten Lizasok eta Azpirozek, Arrate Illarorekin, Xumai Muruarekin, Itsaso Paiarekin eta Beñat Iguaranekin batera, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. 50 bat lagun elkartu ziren saioan.

Bigarren finalaurrekoa ostegunean izango da Anoetako Mikelasagasti auditorioan. Saio horretan honako bertsolari hauek abestuko dute: Eneko Lazkoz, Eneritz Artetxe, Unai Gaztelumendi, Aimar Karrika, Oihana Bartra eta Txomin Azpiroz. Saio horretatik ere bi bertsolari sailkatuko dira finalera. Finala, berriz, urriaren 20an izango da, Asteasuko Iturri-ondo jatetxean, eta lau bertsolari ariko dira nor baino nor.

Aurten antolatu dute lehen aldiz Pello Errota bertso sariketa, hura hil zeneko mendeurreneko ekitaldien barruan. Izan ere, 2019an ehun urte beteko dira Pello Elizegi bertsolaria hil zela. 25 urtetik gorako bertsolariei zuzendutako sariketa da, eta hamabi lagun ari dira lehian parte hartzen. Bestalde, sariketaren barruan Mikaela Elizegi saria banatuko dute.