Kostatako bigarren garaipena: Lagun Onak 3-2 San Pedro

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2018ko ira. 18a, 11:30
  • Lagun OnakMartin, Igor, Tena, Celihueta, Julen, Aranburu, Gorka, Ugaitz, Orbegozo, Otamendi eta Arufe.
  • San PedroEguitz, Aitor, Aritz, Jesus, Erik, Ibon, Atxirika, Ander, Jagoba, Jonpe eta Ekaitz.

Hirugarren Mailan ez dago partida errazik, argi dago. San Pedro talde igo berriak aurpegia eman zuen Garmendipen, eta hortzak ondo estutu behar izan zituzten azpeitiarrek hiru puntuak lortzeko. Denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Lagunek, oraingoan ere zaleen aurrean. Dudarik gabe, zaila izango da gainontzeko taldeentzat Garmendipen puntuak eskuratzea.

Partida hasi eta berehala egin zuen Orbegozok markaigailua estreinatzeko gola. Gorka erne aritu zen, ohi bezala, eta falta azkar atera zuen. Aurkariak ezustean harrapatu zituenez, Orbe bakar-bakarrik utzi zuen atezainaren aurrean. Aurrelari azpeitiarrak ez zuen barkatu, eta 1 eta 0ekoa egin zuen. Pozak ez zuen gehiegi iraun, ordea. Hamahirugarren minutuan iritsi zen San Pedroren gola. Atzelarien tartera eginiko sakoneko pase batek bakarrik utzi zuen Jonpe Martinen aurrean, eta baloia loratuta egin zuen gola. Hala ere, azpeitiarrek azkar erreakzionatu zuten. Bi minutura, Orbegozok Otamendiren erdiraketa baliatu zuen, buelta erdian bere bigarren gola egiteko. Aurtengo sasoian Orbek sartzen duen hirugarren gola. Markagailuan 2-1ekoa jarrita, partida apur bat egonkortu egin zen. San Pedrok, baina, geldikako jokaldiak baliatu zituen arriskua sortzeko. Atsedenaldirako hamar minuturen faltan, Atxirikak faltaz sartu zuen gola. Ondorioz, bina eta aldageletara.

Atsedenalditik bueltan, erasoari ekin zion Lagunek. Gorka izan zen aginte makila eraman zuenetako bat. Haren korrikaldi luze batek eta Orberi emandako paseak sortu zuen bigarren zatiko lehen aukera. San Pedroko atzelariak, ordea, erne egon ziren. Hala ere, 65. minutuan iritsiko zen partida erabakita utziko zuen gola. Etxaburu zelairatu berritan fresko zen, eta berak hasi zuen jokaldia ezker hegalean. Tenari eman zion baloia, eta haren erdiraketa neurtua Otamendik buruz sareratu zuen. Amaierara bitartean, eustea nahikoa zen. Unerik larriena partida amaitzear zela sufritu zuen taldeak; San Pedroko jokalari batek buruz eginiko errematea gutxigatik joan zen gora. Etxaburuk izan zuen laugarrena egiteko aukera, baina langara joan zitzaion jaurtiketa.

Azkenean, 3-2. Lagunek etxean jokatutako bi neurketak irabazi ditu; Garmendipe, beraz, zelai zaila izango da aurkarientzat. Datorren asteburuan, Zamudioren aurka ariko da taldea etxetik kanpo.