Juaristi ISBk 65-91 galdu du Bilbao Basketen kontra Euskal Kopan

Uztarria.eus 2018ko ira. 17a, 13:54
Juaristi ISBk eta Bilbao Basketek atzo Azpeitian jokatu zuten neurketaren une bat. (ISB)

Txapelketatik kanpo gelditu da Iraurgiren gizonezkoen talde nagusia. Añares ISBk, berriz, emakumeen Euskal Koparen kanporaketa jokatuko du igandean Azkoitian, Ibaizabalen kontra.

Juaristi ISBk ez du jokatuko Euskal Koparen azken fasea. Atzo, Iraurgiren gizonen talde nagusiak final laurdenetako kanporaketa jokatu zuen etxean, Retabet Bilbao Basketen kontra, eta 65-91 galdu zuen. Horrenbestez, Bilboko taldeak lortu du datorren zapatuan Durangon jokatukon den finalaurrekorako txartela.

Lan zaila zeukan atzokoan 2018-2019an Zilarrezko LEB mailan lehiatuko den Juaristi ISBk, bera baino maila bat gorago dagoen taldea izan zuelako aurrean, ACBtik jaitsi berria, gainera. Hala ere, galdu arren, Lolo Encinas entrenatzailea "gustura" gelditu zen taldeak erakutsitako mailarekin.

Euskal Kopa atzean utzita, datorren igandean denboraldi aurreko beste partida bat jokatuko dute Juaristi ISBkoek. Erriberrin dute hitzordua, 18:30ean, Zilarrezko LEB ligan aurkari izango duten Navarraren kontra.

Añares ISB, igandean

Denboraldi aurreko lanean murgilduta dabil LF2ko Añares ISB ere. Joan den zapatuan Ardoiren kontra jokatu zuten Katxi Agirreren emakumeek herriko kiroldegian, eta 66-59 irabazi zuten.

Datorren igandean, berriz, Euskal Koparen kanporaketa jokatuko du Añares ISBk. Ibaizabal izango dute aurrean, Azkoitiko kiroldegian, 18:00etan.