Jon Gurrutxagaren lana sarituta, Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketan

Uztarria.eus 2018ko ira. 10a, 15:17

Jon Gurrutxaga bertsolari azpeitiarra ez da esku hutsik itzuli Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketatik. Helduen mailan lehiatu da Gurrutxaga, eta hirugarren sailkatu da, Despedida izeneko idatzizko lanari esker. Ekaitz Goikoetxea beasaindarraren Zakila maite zuena lanak lortu du lehenengo saria helduen mailan. 

Urola Kostako bertsolari eta bertsozale gazteen lanak fruituak ematen jarraitzen du. Izan ere, Gurrutxagaren lana ez ezik, Aner Peritz zarauztarraren eta Ane Arrizabalaga azkoitiarraren idatzizko lanak saritu dituzte aurtengo Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketan. Peritz gazteen mailan lehiatu da, eta bigarren gelditu da Biriketan izeneko lanari esker. Arrizabalaga, aldiz, gaztetxoen mailan hirugarren sailkatu da.

Atzo egin zuten sari banaketa Ordiziako Barrena Kultur Etxean, eta bertan izan ziren eskualdeko hiru lagunak sariak jasotzen.

(Argazkia: Goierriko Hitza)