'Ametsen harria' dokumentalaren estreinaldiarekin irekiko da Soreasuko zinema denboraldia, hilaren 14an

Uztarria.eus 2018ko ira. 4a, 12:41
'Ametsen harria' dokumentalaren kartela.

Datorren asteko ostiralean emango dute lehen aldiz Paradisu Zinema zineklubak eta Kulturaz kooperatibak AnnapurnaII_86 proiektuaren barruan egin duten film berria, 19:00etan. 15ean, 16an eta 17an, berriz, Annapurna II 1986 emango dute, azpeitiarrek urte hartan eginiko espedizioan grabatu eta orain berreskuratu duten dokumentala.

Udako etenaren ondoren, hurrengo asteburuan, irailaren 14an, irekiko ditu berriro ateak Soreasu antzokiak zinema eskaintzari ekiteko. Lehen asteburu horretan, Azpeitian eta azpeitiarrek eginiko filmak ikusteko aukera izango da: estreinaldi bat eta berreskuratutako altxor bat.

Hilaren 14an, 19:00etan, Ametsen harria dokumentala estreinatuko dute Paradisu Zinema zineklubak eta Kulturaz kooperatibak. Iaz martxan jarri zuten AnnapurnaII_86 proiektuaren zutabeetako bat da film berria; 1986an Azpeititik Annapurna II Himalaiako tontorrera egin zuten espedizioaren abentura hura nola abiatu zen eta nola izan zen posible azaldu nahi izan dute Ametsen harriarekin.

Proiektu horren beste zutabea zen espedizioan bertan hartutako irudiekin Agustin Arenasek egindako Annapurna II 1986 dokumentala berreskuratzea eta digitalizatzea. Hori ere bete dute, eta duela 32 urte grabatutako ikus-entzunezkoa ere ikusgai izango da Soreasun hurrengo astean: hilaren 15ean 22:00etan, hilaren 16an 19:30ean eta hilaren 17an 21:00etan emango dute, hain zuzen ere. Hau da berreskuratutako dokumentalaren trailerra: