Giro ederrean ospatu dute Xoxoteko aterpearen irekiera festa

Uztarria.eus 2018ko ira. 1a, 17:55

Xoxoteko orain arteko aterpezainek abuztuaren 19an amaitu zuten hamabi urteko ibilbidea, eta orain, Beni Odriozolak hartu du haien lekukoa. Odriozolak eta haren lantaldekoek irekiera festa egin dute gaur, zapatua, ibilbide berria ondo hasteko.

Eguraldi politarekin esnatu da eguna, eta dozenaka lagun animatu da Xoxotera igotzera, eta hango jai giroaz gozatzera. Jana, edana eta musika ez dira falta izan. 12:00ak aldera ireki dituzte aterpearen ateak, eta hainbat mendizale ordurako iritsi da Xoxotera. Festarekin hasteko, aurreskua dantzatu du Odriozolaren lagun batek, eta, ondoren, kantuan aritu dira Andoni Egaña eta Iñaki Murua bertsolariak. Oreka TXko txalapartariak eta Jon eta Rezusta trikitilariak arduratu dira jaia musikaz girotzeaz. Bitartean, zenbait lagunek paella erraldoia prestatu dute aterpetxearen atarian, Xoxotera hurbildu direnek sabelak betetzeko. 

Lagunartean nahiz festa giroan ekin dio Beni Odriozolak Xoxoteko aterpearen ibilide berriari. Martxoaren 1etik urriaren 31ra egunero irekiko dute aterpea,eta neguko hilabeteetan asteburuetan eta jaiegunetan izango da zabalik. Odriozolak adierazi zuenez, Euskal Herriko aterpetxeen artean, "puntan", jarri nahi du Xoxotekoa, "hemengo mendizaleentzat erreferentzia bat izatea", hain zuzen.