'Kolonbia: bakearen korapiloak' solasaldia eskainiko du Jon Artanok irailaren 5ean

Uztarria.eus 2018ko abu. 28a, 15:15

Jon Artano kolonbian. (Munoandi)

Asteazkenez izango da saioa Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita, eta Aitor Aranbarri kazetariak aurkeztuko du saioa. Munoandi elkarteak antolatu du hitzaldia, eta bigarren solasaldi zikloari Artanoren hitzaldiak emango dio bukaera. Elkarteak azaldu duenez, Euskal Filmotekarekin elkarlanean hainbat ekitaldi antolatzen ari dira udazkenerako.

Munoandi elkarteak solasaldi zikloarekin jarraituko du udako oporren ostean, eta Jon Artano (Zestoa, 1978) nazioarteko kazetaria izango da hurrengo gonbidatua. Sanagustin kulturgunean eskainiko du Kolonbia: bakearen korapiloak hitzaldia irailaren 5ean, asteazkenez, 19:00etan hasita, eta Aitor Aranbarri kazetariak aurkeztuko du saioa.

Kazetaritzaren arlo ugaritan lan egina da Artano hogei urteko ibilbidean, hala nola entretenimendu eta kultur saioetan nahiz albistegietan. Zestoarrak telebistan ez ezik, irratian eta prentsa idatzian ere egin izan du lan. 2016ko udaz geroztik, EITBren berriemailea da Latinoamerikan. Gaur egun, Bogotan bizi da eta Kolonbiako bake prozesuaren bilakaera bertatik bertara jarraitu du. Hain zuzen ere, horixe izango da Artanok Azpeitian eskainiko duen solasaldiaren oinarria: Kolonbia, bake hitzarmena eta plebiszitua. Zestoarrak, gainera, gertaera horiek denek Kolonbiako gizartean izan duten eragina ere izango du hizpide: gerrillaren gaur egungo egoera nolakoa den, zer etorkizun duen, Gobernuz Kanpoko Erakundeek egindako ekarpena zer nolakoa izan den, gizartean zer egitura sozial dauden, Kolonbia inguruko herrialdeetako gobernuen ikuspuntuak nolakoak diren. Bestalde, Mondragon Korporazioak FARCeko gerrillarien gizarteratzean laguntzen duen ALECOP proiektuaz ere hitz egingo du. Honako lotura honetan irakur daiteke Urola Kostako Hitzak 2017ko urtarrilean Artanori egindako elkarrizketa.

Munoandi elkarteak antolatu dituen hitzaldietan laugarrena izango da, eta solasaldi horrek emango dio bukaera bigarren zikloari. Besteak beste, Mikel Reparaz eta Ane Irazabal kazetarien eta Jon Sarasua kazetari eta soziologoaren hitzaldiak izan dira aurten Munoandik antolatu dituenak. Gainera, Xabier Arzallus EAJko buruzagi ohiaren pentsamenduari eta ondare politikoari buruzko Euskadiko historia politikoa dokumentala ere aurkeztu zuten.

Udazkenera begira lanean jarraitzen duela azaldu du Munoandik, eta aurreratu du Euskadiko Filmotekarekin lankidetzan hainbat ekitaldi egingo dituela.