Autolgo rallysprinta irabazi dute Del Cidek eta Odriozolak

Uztarria.eus 2018ko abu. 28a, 13:36

Del Cid eta Odriozola, Autolgo proban. (Gorka del Cid)

Datorren asteburuan Cerveran (Lleida, Katalunia) jokatuko duten Lur Gaineko Rallyen Espainiako Txapelketaren proba prestatzeko baliatu dute azpeitiarrek Errioxako lasterketa. Joxe Labaka ere aritu zen Autolen, baina ezin izan zuen bukatu. Joxemi Zendoia kopilotua, berriz, zazpigarren sailkatu zen, Iñaki Tijerarekin.

Jorge del Cid gidaria eta Nerea Odriozola kopilotua izan ziren azkarrenak joan den zapatuan Autolen (Errioxa, Espainia) jokatutako lur gaineko rallysprintean. Azpeitiarrek, Mitsubishi Evo X R4 autoarekin, minututik gorako aldea atera zieten bigarren sailkatu ziren Iñaki Texeirari eta Carmelo Molineri (Subaru Polaris XP), lasterketaren hiru zatien denborak batu ondoren; Carlos Aldekoa eta Jonathan Pelaez (Citroen DS3 Proto) izan ziren hirugarrenak.

Beste bi azpeitiar ere lehiatu ziren zapatuan Autolen. Joxe Labaka gidariak ezin izan zuen lasterketa bukatu; Joxemi Zendoia kopilotua, berriz, zazpigarren sailkatu zen, Iñaki Tijerarekin.

Espainiako Txapelketarako prestatzen

Datorren asteburuan Cerveran (Lleida, Katalunia) jokatuko duten Lur Gaineko Rallyen Espainiako Txapelketaren proba prestatzeko baliatu dute Del Cidek eta Odriozolak Errioxako lasterketa. Zortzi lasterketak osatuko dute aurtengo Espainiako Txapelketa, eta Cerverakoa izango da bosgarrena. 2016an bigarren sailkatu ziren azpeitiarrak Espainiako Txapelketan, eta iaz hirugarren. Aurtengoan, lehen erdia jokatuta, bederatzigarren postuan daude Del Cid eta Odriozola.