Kontzientzia, ikasiz eta eginez

Urola Kostako Hitza 2018ko abu. 28a, 13:16

"Ekologia, ingurumen eta jasangarritasun balioetan heztea" helburu, hilero ikastaroak antolatzen dituzte Azpeitiko Ekoetxean. Urtea bukatzerako beste lau emango dituzte.

Artoa aletzen, ehotzen, taloak egiten eta artaburuen hostoekin eskulanak osatzen. Zeregin horietan aritu ziren ordu eta erdiz herenegun, abuztuko azken igandeko goizean, Azpeitiko Ekoetxeak antolatutako artoaren bueltako ikastaroan parte hartu zuten lagunak. Umeak eta gaztetxoak ziren gehienak, haiekin pentsatuta osatutakoa baitzen Kimu Bat lore etxeko eta Sakona etxalde ekologikoko kideek gidatutako saioa. Txikienekin batera arto lanetan aritu ziren helduenek ere gogoz eutsi zioten proposamenari Ekoetxearen atariko Xaguxatar parkean, eta antolatzaileak “oso gustura” azaldu dira azken ikastaroak jasotako erantzunarekin.

2017ko abenduan hasi ziren Ekoetxean –Ingurugiro Etxea zena– «ekologia, ingurumen eta jasangarritasun balioetan heztea» helburu duten ikastaroak eskaintzen, umeei, gazteei zein familiei zuzendutakoak. Harrezkero, hilero egin izan dute saioren bat; hilean behin, ia beti igandez, bakarren bat zapatuan egin izan duten arren. Gabonetako eskulanen ikastaroarekin hasi ziren eta hura izan da, hain zuzen ere, orain arte egin dituzten saioetan jendetsuena: 98 lagunek parte hartu zuten iazko abenduko ikastaro hartan. Elikadura osasungarriaren edota hazien gaineko tailerrak egin dituzte, baita txorientzako habi-kutxak egitekoa eta material birziklatuekin egindako eskulanena ere, besteak beste.

Beste lau ikastaro, aurten

Azpeitiko Udaleko Ingurumen saileko arduradunekin zehazten dituzte Ekoetxekoek ikastaroen gaiak. Ikastaroak emateko, berriz, orain arte behintzat, beti jo izan dute herriko jendearengana.

Herenegungoa orain arteko zortzigarren saioa izan da, eta 2018a bukatu arte eskainiko dituzten beste lau ikastaroen egutegia ere zehaztuta dute: bizikletak konpontzen ikasteko tailerra emango dute irailaren 23an; Jaten duguna gara izeneko ikastaroa, urriaren 28an; Pertsonalizatu zure kamiseta izenekoa, azaroaren 8an; eta egitasmoaren hasieran halako arrakasta izan zuen Gabonetako eskulanen ikastaroaren saio berria izango dute urtea bukatzeko, abenduaren 16an.

Ekoetxean hilean behin eta asteburuetan eskaintzen dituzten ikastaroak doakoak izaten dira. Hala ere, tokia mugatua izaten denez, hil bakoitzean parte hartu nahi dutenei izena aurrez ematea eskatzen diete, Ekoetxeko 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta.