Azpeitia Motor Jaialdia izango da irailaren 22an

Uztarria.eus 2018ko abu. 22a, 12:15

Iazko jaialdiko irudi bat.

Motozaleen eta metalzaleen topaketa izango da Azpeitiko Tabernarien Elkarteak iraileko laugarren astebururako prestatutakoa. Hainbat kontzertu izango da egun horretan; tartean, Leize taldearena.

Motozaleek eta metal musikaren jarraitzaileek aurten ere izango dute hitzordua Azpeitian; izan ere, Azpeitiko Tabernarien Elkarteak Azpeitia Motor Jaialdia antolatu du irailaren 22rako, zapatua. Duela bi urte antolatu zuten lehen aldiz jaialdia, eta bi edizioetako arrakasta ikusirik, berriz antolatzea erabaki dute. Dena den, iaz ekainean egin zuten jaia, eta aurten irailean izango da.

Perez Arregi plazatxoa izango da jaiaren erdigunea, eta hantxe elkartuko dira motozaleak 16:00etan. Handik orduerdira aterako dira motoetan itzulia egitera, eta 19:00etarako itzuliko dira, pintxo poteoa hasiko baita ordu horretan. 20:15ean Kauce taldearen kontzertua izango da, eta Saratogarena 21:30ean. Kontzertu nagusia, berriz, Leize taldeak eskainiko du, 23:30ean hasita.