Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak asteburuan hasiko du denboraldia, Amurrioren aurka

Uztarria.eus 2018ko abu. 21a, 15:03

Lagun Onakek eta Real Unionek denboraldi aurrean jokatutako partidako irudia. (Otola)

Denboraldi aurre txukuna eginda eta hainbat fitxaketa eta bajak eraginda, asteburu honetan hasiko du Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak 2018-2019 denboraldia. Amurrioren aurka etxetik kanpo jokatuko du lehen partida, zapatuan, 18:00etan.

Denboraldi aurrea aho zapore onarekin bukatu ostean, asteburu honetan hasiko du 2018-2019 denboraldia Lagun Onak futbol taldeko gizonen lehen taldeak. Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoan ariko da Azpeitiko taldea, eta zapatuan jokatuko du lehen partida, etxetik kanpo, Amurrioren aurka, 18:00etatik aurrera.

Uztailaren 19an hasi ziren jokalariak sasoi berria prestatzen, eta ordutik hainbat partida jokatu dituzte Igor San Miguelek gidaritzapean aritzen diren mutilek. Lehena abuztuaren 4an jokatu zuten Hernanin, eta 1 eta 4 nagusitu zen Azpeitiko taldea. Abuztuaren 8an triangularra jokatu zuten Ordizian; bi partida jokatu zituzten Ordiziaren aurka (2-2) eta Reala Cren kontra (2-1). Abuztuaren 11n etxean hartu zuen Lagun Onakek Real Union, eta bana berdindu zuten neurketa. Denboraldi aurreko azken norgehiagoka joan zen zapatuan jokatu zuten Bermeoren kontra Garmendipe zelaian, eta 3 eta 1 nagusitu zen Lagun Onak.

Taldearen egituraketa

Denboraldiroko gisan, jokalari batzuk taldea utzi dute eta beste batzuk batu egin dira. Honako fitxaketa hauek egin ditu Lagun Onakek: Joanes Otamendi (Azpeitia, 1990) Beasaindik, Iñigo Celihueta (Errenteria, 1994) Reala Ctik, Martin Artetxe (Donostia, 1995) Real Unionetik, Igor Gonzalez (Urnieta, 1997) Real Unionetik, Sergio Barquero (Lasarte, 1997) Anaitasunatik, Jon Etxaburu (Ondarroa, 1994) Sestaotik eta Harri Elosegi (Añorga, 1995) Añorgatik. Unai Intziarte prestatzaile fisikoa ere talde teknikoan izango da denboraldi berrian.

Taldean jarraituko duten futbolariak, berriz, honako hauek dira: Aitzol Aizpurua, Hodei Tena, Oinatz Elustondo eta Julen Aranburu kapitainak, Gorka Marcos, Erik Aranburu, Ion Orbegozo, Sergio Cayetano, Luis Egaña, Ximon Aranguren, Ugaitz Kerejeta, Ignacio Renovales eta Julen Arufe. Ander Arteaga atzerrian ariko da ikasten, eta ezingo du taldearekin aritu.

Aldiz, honako jokalari hauek utzi dute taldea: Mikel Lopetegi, Ivan Castillo eta Julen Olasagasti. Mikel Landa azpeitiarrak ere utzi du taldea, bizkarreko arazoak tarteko.