Europako Mendietara irteera egingo du Lagun Onak MBk uztailaren 7ko asteburuan

Uztarria.eus 2018ko eka. 25a, 13:03

Izen-ematea zabalik dago, eta ostegunean, hilak 28, itxiko dute. Gehienez, 30 pertsonek eman dezakete izena ibilaldian.

Lagun Onak Mendi Bazkunak asteburu-pasa antolatu du Europako Mendietara, uztailaren 7rako eta 8rako. Irteerara animatzen diren lagunak zapatuan, hilak 7, 04:00etan irtengo dira autobusez anbulatorio aurretik Kantabria aldera. 

Zapatuko ibilaldia Sotres herrian (1000 m) hasiko dute. Handik, Pandevanoko zelaietara hartuko dute, Vega de Urriellu aterpera (2016m) iritsi arte. Ondoren, Horcados rojos mendiaren lepora (2395 m) iritsiko dira parte-hartzaileak, gero Fuente Deko teleferikora heltzeko (1823 m). Teleferikoan jaitsiko dira, autobusa hartu, eta Potes herrira (291 m) joateko. Potesen, Brisas del Deva aterpetxean, igaroko dute gaua, eta han afalduko dute. Igandeko gosaria ere Poteseko aterpetxean egingo dute. 

Igande goizean nahi dutenek Cruz de la Viorna (1151 m) tontorrera joan-etorria egiteko aukera izango dute. Lagun Onak MBk aurreikusten duenez, 12:00ak aldera irtengo dira Potesetik, eta bidean bazkaldu ostean, etxera itzuliko dira.

Izen-ematea eta prezioa

Gehienez 30 pertsonek eman dezakete izena ibilaldian, eta ostegunean itxiko da izen-ematea. Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan edo webgunean egin daiteke izen-ematea. Bidaiaren kostuari dagokionez, Lagun Onak MBko bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute; langabe eta ikasleek 45 euro eta gainerakoek 70 euro. Prezioan sartzen dira joan-etorria, Poteseko aterpetxean igaroko duten gaua, afaria eta gosaria.