Ilunpeko pilotariak 2 eta 1 nagusitu dira Asteasuren aurka Herriarteko Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko eka. 2a, 15:26

Atzo Frontoi Txikian hartutako irudi bat.

Ilunpeko pilotariek eskuzko Herriarteko Pilota Txapelketako final laurdenetako joaneko partidak jokatu zituzten atzo, Frontoi Txikian. Kadete eta jubenil mailako partidak irabazi egin zituzten; senior mailakoa, aldiz, galdu.

Atzo, ostirala, jokatu zituzten Ilunpeko pilotariek eskuzko Herriarteko Pilota Txapelketako final laurdenetako joaneko partidak, Asteasuren aurka. 2 eta 1 nagusitu ziren Azpeitiko pilotariak Frontoi Txikian jokatutako neurketetan.

Lehen partida, kadete mailakoa, erraz irabazi zuten Unai Alberdik eta Jakes Elosegik, 22 eta 0 amaitu baitzen neurketa. Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek ere aise lortu zuten garaipena; 22 eta 7 bukatu zen partida. Hirugarren partida, ordea, seniorrena, ezin izan zuten azpeitiarrek irabazi: Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok 14 eta 22 galdu zuten.

Datorren astean, Asteasun jokatuko dituzte itzulerako partidak, eta han erabakiko da Ilunpeko pilotariek finalaurrekoetarako txartela eskuratuko duten ala ez.

Bestalde, Gipuzkoako Herriarteko I. Gomazko Paleta Txapelketako final laurdenak gaur arratsaldean jokatuko dituzte, 17:30ean hasita, Urrestillako Txikuri pilotalekuan.