Buero saria jaso du Azkoitiko eta Azpeitiko gazte talde batek osatutako 'Shine Again' musikalak

Uztarria.eus 2018ko mai. 30a, 11:26

Azkoiti-Azpeitiko kidez osaturiko Bigoterik Gabea taldearen Shine Again antzerki musikalak sari bat eskuratu du Coca Cola fundazioak antolatutako Buero sarietan. Taldekideek zapatuan jaso zituzten sariak, Senda Vivan (Arguedas, Nafarroa) egindako ekitaldian, eta han izan zen taldeko hainbat neska-mutil; tartean, June Urain azpeitiarra. Bigoterik Gabea taldeko kideek LED fokoa eta oroigarriak eskuratzeaz gain, Senda Viva parkean eguna pasatzeko aukera izan zuten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako obretan onena izendatu dute Shine Again, eskolaz kanpoko mailan. Buero sarien hamabosgarren edizioa izan da aurtengoa, eta, guztira, 379 taldek eta 7.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dute bertan. Sari horien helburua da gazteen artean antzerkirako grina zabaltzea eta sustatzea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako saria jasota, Espainiako Txapelketara igaro da Bigoterik Gabea taldea. Epaimahaiak antzerki obra batzuk aukeratuko ditu bertan, eta talde horiek Madrilen antolatuko den Gazte Antzerki Astean eta antzerki udalekuetan parte hartuko dute uztailean. Aukeratutako taldeek antzerki munduko hainbat profesionalekin ikasteko aukera izango dute.

Bigoterik Gabea taldekoak obra berriarekin lanean ari dira dagoeneko, baina duela bi urte estreinatu zuten Shine Again antzezlanarekin eskuratu dute saria.

Argazkian, Bigoterik Gabea taldeko kideak sari banaketa ekitaldian. Beheko ilaran, ezkerretik bigarrena da Urain azpeitiarra.