Xoxoteko eguna ospatuta, hurrengo urtera arte agurtu du Mendi Astea Lagun Onak MB-k

Uztarria.eus 2018ko mai. 29a, 11:54

Urtero egin ohi duten bezala, Lagun Onak mendi bazkunako lagunek Xoxoteko Eguna ospatu zuten joan zen igandean, hilak 27. Goiztiar ibili ziren herritarrak plazan elkartu ziren 09:00etan, handik Xoxotera oinez igotzeko. Beste batzuk, berriz, Aittolara autobusez igo ostean ekin zioten ibilbideari. Xoxoteko aterpetxera iritsi zirenek salda dastatzeko parada izan zuten, indarrak hartzeko. Ikasturtean zehar mendizaletasunari eutsi dioten gaztetxoei dominak banatu zizkieten, eta hildako mendizaleei lore eskaintza ere egin zieten. Egun guztian zehar erromeria doinuek alaitu zuten Xoxote. Aldarriak ere izan zuen bere lekua igandeko hitzorduan. Gure Esku Dagok ekainaren 10erako deitu duen Giza Kateari babesa agertzeko bideo bat grabatu zuten mendian elkartu ziren zenbait lagunek. Hori ez ezik, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak festaren aldeko argazkia atera zuten. Xoxoteko Eguna ospatuta, igandean bukatu zen Lagun Onak MBk antolatutako 2018ko Mendi Astea. Aurten antolatu dituzten ekintzen artean izan dira Mendi Tour jaialdia eta Kilian Jornet. Path to Everest dokumentalaren emanaldia

Honako irudi hauek Lagun Onak MBko kideek igandean atera zituzten argazkiak dira. Argazki bilduma osorik, hemen