Pentsio duinen aldarriak ez du etenik

Uztarria.eus 2018ko mar. 19a, 13:13

Joan den zapatuan pentsio publiko duinen aldarriak hartu zituen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak. 150.000 lagun baino gehiago batu zen jubilatuen eta pentsiodunen elkarteek Espainiako Gobernuaren pentsio politikak salatzeko deitutako manifestazioetara. KPI igoera aldarrikatu, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatu eta babes sozialeko sistema propio baten aldeko jarrera erakutsi zuten kalera irten ziren herritarrek. Baina zapatukoaren ostean, mobilizazioak ez dira eten. 

Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformak deituta, pentsio duinen aldeko ahotsa zabaltzen jarraitzeko elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek gaur eguerdian plazan. 12:00etan zuten jarrita hitzordua, eta ehundik gora herritar batu da elkarretaratzera. 

Herriko pentsiodunek joan zen otsailaren 19an egin zuten aurreneko elkarretaratzea, plazan. Haren ostean, astero kontzentrazioak egingo dituztela iragarri zuten, eta joan zen astean egin zuten bigarren kontzentrazioa. Astelehenero egingo dute elkarretaratzea, leku eta ordu berean.  

Aurtengorako Espainiako Gobernuak onartu duen %0,25eko "igoera lotsagarria" gaitzetsi eta KPIaren neurriko igoera aldarrikatzen jarraitzeko asmoa dute herriko pentsiodunek.