Bost azpeitiar sailkatu dira Emakume Master Cup-eko finalerdietara

Uztarria.eus 2018ko mar. 5a, 11:49

Promozio mailako final-laurdeneko lau partida jokatuko zituzten atzo, eta pilotari azpeitiarrek osatutako hiru bikote sailkatu ziren hurrengo fasera. Hilaren 18an jokatuko dituzte finalerdiak.

Emakume Master Cup eskuz binakako pilota txapelketako promozio mailako final-laurdenak jokatu zituzten atzo, Markinako pilotalekuan (Bizkaia). Lau partida jokatu zituzten guztira, eta bost azpeitiar sailkatu ziren finalerdietara: Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo eta Nagore Aramendi eta Oihana Unanue bikote azpeitiarrek eta Maddi Unanue azpeitiarrak eta Naroa Agirre zestoarrak osatzen duten bikoteak egin dute aurrera.

Antolatzaileen arabera, "partida oso onez" gozatzeko aukera izan zuten frontoian elkartu ziren dozenaka lagunek. Badiola eta Orbegozo azpeitiarrek 18-12 egin zuten Gentzane Aldai eta Izaskun Martinen aurka; Unanue azpeitiarrak eta Agirre zestoarrak emaitza berarekin amaitu zuten Araitz Eizagirre arroarraren eta Naroa Elizalderen aurka; azkenik, Aramendi eta Unanue azpeitiarrek 18-8 amaitu zuten saioa. Hurrengo fasera sailkatu diren bikoteek martxoaren 18an jokatuko dituzte finalerdiak, Oñatin.

Joan zen hilean hasi zen txapelketa, eta bi mailetan ari dira jokatzen partidak: lehenengo maila eta promozio maila. Finala martxoaren 25ean izango da, Eibarko Astelena pilotalekuan.