1976ko martxoaren 3an gertatutakoa oroitzeko

Martxoak 3; oroimen, duintasuna, borroka.

1976ko martxoaren 3a ez da edonolaz ahazteko eguna. Pedro Mari Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda erahil eta beste ehundaka langile balaz zaurituak izan ziren Gasteizko Zaramaga auzoan. Bi hilabetetako borrokaldia zeraman Gasteizko langile klaseak, martxoaren 3ko greba hartan, Fragaren aginduz, polizia frankistak Gasteizko langileriaren aurkako inoizko sarraskirik handiena burutu zuenean.

Sarraskia ez zen inolaz ere kasualitate bat izan, ez zen Fragaren kapritxo bat izan, ezta patronalaren kasketa bat ere. Une erabakigarria zen, klaseen arteko borroka modurik gordinenean. Gasteizko langileek borrokan bertan aurkitu zituzten irakaspenik sendoenak eta beraiek ordezkatu nahi zituzten sindikatu eta partiduak popatik hartzera bidali zituzten lehenik.  Handik aurrera langileak, botere guztia asanbladara! aldarriaren atzean elkartuko ziren beraien erabakien berme bakartzat euren burua kokatuz. Egunero zeuden asanbladak fabriketan eta asanblada orokorrak astean bitan. Fragak azaldu bezala, asanblada hauek Soviet txikiak ziren eta beraz, zapaldu egin behar ziren.

Lanpostuetako gatazketan erein zen hazia, izugarrizko abiaduraz, langile guztien, hots, etxekoandre, ikasle, jubilatu, dendari eta abarren borroka bihurtu zen eta hau nola ez, onartu ezinezkoa zen demokrazia burgesera trantsizioa egin nahiean zebilen erregimenarentzat. Lehenik tiro hotsean ixildu zituzten batzuk, eta atzetik etorri zen atxilotu uholdearekin ixildu zituzten oraindik bizirik zeuden besteak. Ehundaka ziren martxoaren 3tik aurrera atxilotzen joan ziren langileak.

Fusila langileen muturrean ipinita ezarri zen demokrazia burgesa eta fusilaren indarraz mantentzen da gaur egun. Burgesiak duen guztiarekin erasotzen du bere boterea zalantzan jartzean eta Gasteizkoa horren adibide garbia dugu. Hau ez aurreikustea eta zentzu honetan inozoegiak izatea izan zen seguruenik langile mugimendu eredugarri hark egin zuen akatsik larriena eta garestia izan zen akatsaren ordaina.

Behin betiko zapaldu nahi izan zuten mugimendu hark ordea, gaurko langileon oroimenean gogor erroturik dirau eta garaipenerako gako garrantzitsuak utzi ditu zapalduon memorian. Langileriaren autonomia politikoa, erabakietan parte hartze zuzena eta klase batasuna garaipenerako premisa gisara.