Laburbira euskarazko film laburren emanaldia izango da asteazkenean

Uztarria.eus 2018ko ots. 26a, 17:00

Zortzi filmen artean, Z U L O eta Areka filmak ikusi ahal izango dira, Sanagustin kulturgunean. Emanaldira joaten direnek Landetxe batean bi gau igarotzeko zozketan parte hartu ahal izango dute.

XV. Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua hasiko da asteazkenean, eta Euskaltzaleen Topaguneak aurtengo bilduman sailkatu dituen zortzi filmak eskainiko dituzte egun horretan Azpeitian. 21:00etan hasiko da emanaldia, Sanagustin kulturgunean.

Laburbira zirkuituaren barruan ikus daitezke, besteak beste, Z U L O eta Areka film laburrak. Erika Olaizola azpeitiarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutakoa da Z U L O filma, eta buruhandi baten eta gizaki baten arteko maitasun istorioa kontatzen du filmak; horrez gain, Areka filma Atxur taldeak sortu du, eta hango kide da Alots Arregi Azpeitiko bizilaguna. Animaziozko film horrek 80 urteko Euxebiren istorioa kontatzen du: bere aita gerran desagertarazi zuten, eta gertatutakoaren gaineko zurrumurruak entzunak bazituen ere, ez du inoiz jakin non zegoen haren hilobia. "Frankismoaren miseria eta errepresio guztiaren gainetik", Euxebik bizirik gorde du aitaren memoria.
 
Antolatzaileek, iazko arrakastari jarraituz, Laburbirako ikusleen artean lehiaketa bat antolatu du beste urte batez. Hala, emanaldira joaten direnek landetxe batean bi lagunek bi gauko egonaldia egiteko zozketa batean parte hartu ahal izango dute, www.kameratoia.eus webguneko Laburbira 2018 ikusleentzako lehiaketa atalean galdeketa erantzun ondoren. Lehiaketa hilaren 28an hasiko da. Laburbiraren inguruko informazio osoa hemen aurkitu daiteke.