Martxoaren 3an egingo dute IX. Gau Txori argazki rallya

Uztarria.eus 2018ko ots. 26a, 13:01
2016ko Gau Txori rallyko argazki irabazlea. (Javier Lopez)

Izen-ematea zazpi eurokoa da, eta afarira joan nahi duenak 20 euro ordaindu beharko ditu guztira. Rallyan, Azpeitian atera beharko dituzte argazkiak, eta epaimahaiak horien "berezkotasuna, sormena eta teknika" hartuko ditu kontuan.

 

Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) jakinarazi ditu bederatzigarren urtez egingo duten Gau-Txori Argazki Rallyaren data eta oinarriak: aurten, martxoaren 3an egingo dute gauean egiten duten argazki lehiaketa. 

Dagoeneko eman daiteke izena argazki rallyan. Lehiaketan parte hartzeko zazpi euro ordaindu behar da, eta afarira ere joan nahi dutenek hogei euro ordainduko dituzte guztira. Izena ematen dutenek rallyaren egunean bertan egingo dute ordainketa, elkartearen egoitzan (Perez Arregi 1), 19:00etatik 20:00etara bitartean.

Memoria-txarteldun kamera digitala duen edonork parte har dezake lehiaketan. Argazkilari bakoitzak bere txartela hutsik eraman beharko du rallyra, eta argazkiak Azpeitian atera beharko dituzte, zuri-beltzean edo koloretan. JPG formatuan eta ahalik kalitate hoberenean atera beharko dituzte argazkiak. Hartutako irudiak 00:00etatik 01:00etara bitartean deskargatuko dituzte elkarteko egoitzan. Parte hartzaileek, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango dituzte, kontroleko argazkia barne, eta antolatzaileek adierazi dute ezin izango dituztela argazkiak manipulatu.

Martxoaren 11ra bitartean, argazkilariek gai bakoitzerako argazki bat aukeratu eta argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dute. Bertan, gainera, partaide zenbakia eta gai bakoitzerako hautatutako argazkiaren zenbakia zehaztuko dute.

Epaimahaiak, berriz, argazkien "berezkotasuna, sormena eta teknika" hartuko ditu kontuan. Sariei dagokienez,  bilduma onenaren egileak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, 100 euro eta garaikurra eskuratuko ditu; eta hirugarrenak 70 euro eta garaikurra irabaziko ditu. Herriko lehen ez sarituarentzat, berriz, garaikurra emango diote. AAE-k adierazi du saritutako argazkiak elkartearen esku geratuko direla. Horrez gain, ohartarazi dute ez dutela beraien gain hartzen "ekintza garatzen den bitartean, pertsonengan, argazki ekipoetan edota edozein ondasunetan sor daitezkeen kalteen eta hondamenen erantzukizunik".