Ipuin-kontaketa japoniarra eta 'Nagusia kanpoan bizi da' liburuaren aurkezpena, Hiromi Yoshidaren eskutik

Uztarria.eus 2018ko ots. 16a, 19:37
Hiromi Yoshida Nagusia kanpoan bizi da liburuaren aurkezpenean. (Katakrak liburuak)

Hizkuntzalari japoniarrak bi hitzordu ditu datozen egunetan herrian. Asteazkenean, hilak 21, Rakugoa euskaraz eskainiko du liburutegian. Ostegunean, aldiz, euskarara itzuli duen Nagusia kanpoan bizi da liburua aurkeztuko du Gaztetxean, Iñigo Aranbarri idazlea lagun duela. Azkoitiarrak idatzi du liburuaren hitzaurrea.

Hiromi Yoshida hizkuntzalari japoniarra Azpeitian izango da hurrengo astean, eta egonaldiak iraun bitarterako bi hitzordu antolatu ditu Udal Liburutegiarekin eta Gaztetxearekin elkarlanean. Alde batetik, Japoniako rakugoa euskaraz entzuteko aukera eskainiko du Yoshidak Azpeitiko Rakugo Taldeko lagunekin batera. Bestetik, Nagusia kanpoan bizi da liburua aurkeztuko du Gaztetxean, eta harekin izango da Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarra. 

Japoniako ipuin-kontaketa tradiozanalaren saioa asteazkenean izango da, hilaren 21ean. Hiromi Yoshidak, Axen Escaladak, Arantzazu Maizek eta Maider Ibargurenek eskainiko dute, 19:00etan hasita. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saioa gazte zein helduentzat izango da.

Nagusia kanpoan bizi da liburuaren aurkezpena, berriz, ostegunean izango da, 18:00etan hasita. Yoshidak Katakrak argitaletxearekin kaleratu duen azken liburuaren hitzaurrea Iñigo Aranbarri azkoitiarrak idatzi du, eta hura ere Gaztetxean izango da solasean. Nagusia kanpoan bizi da lana Takiji Kobayashiren nobela bat da jatorriz. Kobayashi literatura proletarioaren idazle japoniarra izan zen. Zenbait lanen bidez, jende xehearen eta langile mugimenduaren ahalduntzea irudikatu zuen. Hala, liburua hizpide izateaz gain, japoniar langile-nekazal literaturaren inguruan ere solastuko dira osteguneko saioan. Interesa duen edonor hurbil daiteke Gaztetxera.