Garaipena eta porrota azpeitiarrentzat Gipuzkoako taldekako xake ligan

Uztarria.eus 2018ko ots. 5a, 11:19

Xaputarrak A taldeak Legazpiko Santikutz B taldeari irabazi zion bigarren mailan, eta Xaputarrak Bk galdu egin zuen, hirugarren mailan, Bergara B taldearen aurkako norgehiagoka.

Gipuzkoako taldekako txapelketan murgilduta dabiltza Xaputarrak xake elkartearen ordezkariak. Azpeitiarrek bi talde aurkeztu dituzte txapelketara: Xaputarrak A bigarren mailan ari da lehiatzen, eta Xaputarrak B hirugarrenean. Joan den zapatuan, laugarren jardunaldiko neurketak izan zituzten bi taldeek, emaitza kontrajarriekin.

Bigarren mailan, Xaputarrak A 3-1 nagusitu zitzaion Legazpiko Santikutz B taldeari; Patxi Isasmendik eta Eneko Alberdik irabazi egin zituzten beren partidak, eta Alberto Urkiak eta Aitor Elustondok berdindu. Etxean jokatu zuten azpeitiarrek, Baigerako 4. solairuan. Hirugarren mailan, aldiz, Bergaran jokatu zuten Xaputarrak B taldekoek, eta 2,5-1,5 emaitzarekin galdu zuten Bergara B taldearen aurka; Gorka Urangak irabazi egin zuen bere partida, Julen Urangak berdindu, eta galdu egin zuten Alain Mateosek eta Iñaki Urangak.

Datorren larunbatean bosgarren txandako neurketak izango dituzte Xaputarrak elkartekoek. Xaputarrak Ako kideek Villabonan jokatuko dute hango B taldearen kontra, eta Xaputarrak Bkoek Azkoitiko Kakute Bkoekin neurtuko dituzte indarrak, etxean. Partida guztiak 16:00etan hasiko dira.