Ehun zuhaitz berri landatzen ari da Udala, herriko berdeguneak "indartzeko"

Uztarria.eus 2018ko urt. 17a, 11:20

Azpeitiko Udalak "herriko espazio berdeen eta zuhaitzen egoera aztertu eta berdegune on eta duina izateko" plan osoa jarri zuen martxan 2016ko uztailean. Ordutik, herriko hainbat gunetan zuhaitzak landatu dituzte, eta udal ordezkariek azaldu dutenez, "egoerak hala eskatu duenean kendu ere egin behar izan" dituzte.

Asteotan ehun zuhaitz landatzen ari dira Udal langileak, eta horietatik 20 egoera txarrean zeuden zuhaitzak ordezkatzeko landatuko dituela esan du Udalak. Ordezkatuko duten zuhaitzetako bati, adibidez, joan zen abenduaren hasieran, adar handi bat hautsi zion haizeak. Udalak azaldu duenez, "egoera onean" zegoen 45-50 urte zituen zuhaitza, baina haizeteak adarra hautsita erortzeko arriskuan zegoen eta kendu egin zuten "herritarren segurtasuna bermatzeko". Zuhaitz hura zegoen tokian, Udal Liburutegiaren atzeko paseoan, artea batekin ordezkatuko dute.

Udalaren arabera, azken urte eta erdi inguruan, herriko zuhaitzak, landareak eta berdeguneak bere "osotasunean aztertu eta behar diren neurriak hartu" ditu. Plana martxan jarri zutenetik, berdeguneen "ahuleziak" detektatzen eta horiek indargune bilakatzeko "neurriak" hartzen aritu da udala: "Herrietako berdeguneek uste baino garrantzia handiagoa dute herritarron ongizatean, eta horregatik aldatu genuen horien kudeaketa eredua".