Julian Barrenetxea ahots zuriko taldearen lehen saioa, Javier Alberdik zuzenduta

Uztarria.eus 2017ko abe. 20a, 11:18

Javier Alberdi Julian Barrenetxea abesbatza zuzentzen. (Argazkia: Borja Eizagirre)

Azketa ahots taldearekin elkarlanean eskainiko du kontzertua Julian Barrenetxeak gaur, 19:30ean, Sanagustinen. Ignacio Arakistain piano-jotzaileak eta Mirari Badiola eta Haizea Uranga flauta-jotzaileek ere parte hartuko dute gaurko saioan.

 

Hiru hamarkadatako ibilbide luzea du Julian Barrenetxea abesbatzak, eta urte horietan guztietan garai oparoagoak eta apalagoak bizi zan ditu. 30 urtean, ahots nahasietako korua izan da, baina joan den martxoan, ahots zuriko korua izatera igaro zen, gizonezkoen faltagatik. Hori ez da, ordea, abesbatzak bere 30. urteurrenean jasandako aldaketa bakarra izan. Izan ere, zuzendaria aldatzeko erabakia hartu zuen urtearen hasieran ahots taldeak, eta Jaime Amenabarren erreleboa hartu zuen Javier Alberdik (Donostia, 1964).

Ahots taldeak bere ibilbide berriko lehen kontzertua eskainiko du Alberdiren gidaritzapean gaur, 19:30ean, Sanagustinen. Alberdiren esanetan, oro har, talde mixtoak zuzentzera ohituta dago, eta ahots zuriko korua gidatzea "esperientzia berria eta aldaketa" dira berarentzat. Alabaina, gaineratu du koruan abesten urteetako esperientzia  duten emakumeak direla, eta, zentzu horretan "oso gustura" dagoela dio donostiarrak.

Azketa ahots taldearekin elkarlanean eskainiko duten gaurko kontzertuak hiru zati izango dituela aurreratu du Alberdik: "Lehenbizi, hainbat kantu abestuko ditugu guk; gero, Azketa ahots taldeko kideen txanda izango da, eta bukatzeko, elkarrekin hainbat abesti kantatuko ditugu". Julian Barrenetxeako zuzendari berriaren esanetan, Ignacio Arakistain piano-jotzaileak eta Mirari Badiola eta Haizea Uranga flauta-jotzaileek ere parte hartuko dute gaurko saioan.

Javier Alberdi donostiarra 24 urtetan Donostiako Orfeoiko abeslaria izana da. Haren esanetan, Donostiako Orfeoiko "harrobiko abeslaria" da. "Mutil kozkorra nintzela hasi nintzen bertan, eta ia bizimodu osoa eman dut etxe horretan kantuan".

Dozena bat urte dira orfeoian abestea utzi zuela, zuzendari lanari heltzeko, eta gaur egun Donostiako Aita Donostia abesbatza, Lazkaoko Kantaka abesbatza eta Beasaingo jubilatuen Gureak korua zuzentzen ditu. Zuzentzeaz gain, ordea, hainbat abesbatzatan ere abesten du Alberdik, hala nola, Tolosako Kea ahots taldean eta Angeluko Argileak koruan.