Abenduaren 9an Bakegileek Parisen egingo duten mobilizaziora autobusa antolatu dute

Uztarria.eus 2017ko aza. 15a, 16:11

Manifestazioan, Frantziako Gobernuari eskatuko diote urratsak egin ditzala "presoek pairatzen dituzten salbuespen neurriak bertan behera uzteko". Azaroaren 30a baino lehen eman behar da izena autobuserako, Orkatz, Kantoi, Lorea eta Urola express tabernetan. Trenean joateko plaza batzuk ere badaude.

Bakegileek manifestazio bat antolatu dute Parisen, Frantziako Gobernuari eskatzeko "urrats nabarmenak egin ditzala presoek pairatzen dituzten salbuespen neurriak bertan behera uzteko". Abenduaren 9an egingo dute mobilizazioa, eta Frantzian, Euskal Herriaren inguruan izan den "mobilizaziorik handiena" izatea nahi dute. Hara joan nahi dutenentzat, autobusa antolatu dute Azpeititik.

Abenduaren 8an, ostiralean, gauez irtengo da autobusa Parisera, eta hurrengo eguneko 10:00ak aldera iritsiko da hara. 12:30ean hasiko da manifestazioa, eta 18:00etan abiatuko da bueltan autobusa Azpeitira; igande goizean iritsiko da herrira. Interesatuek Orkatz, Kantoi, Lorea eta Urola express tabernetan eman behar dute izena, azaroaren 30a baino lehen. Langileek 50 euro ordaindu behar dute, eta ikasleek, langabetuek zein langile prekarioek 20 euro. Autobusaren gastuei aurre egiteko, bost euroko bonoak saltzen hasi dira, "autobusa ez dadin hain garestia izan" joan nahi dutenentzat.

Norbaitek prezio horiek ordaintzeko zailtasuna izango balu, antolatzaileek beraiekin harremanetan jartzeko eskatu dute: "Inor ez dadila gelditu joan gabe arrazoi ekonomikoengatik". Horrez gain, norbaitek autobusez joateko azaroak izango balitu, "ordu askoko bidaia delako", trenez joateko aukera ere izango da. Azpeitian hamar txartel dituzte salgai, eta horietakoren bat lortzea nahi izanez gero, 685 730 792 telefonora deitu behar da. Treneko txartelak lortzeko lehentasuna adineko pertsonek, ezinduek, haurdunek eta ume txikiak dituztenek izango dute.

Hona hemen abenduaren 9rako prestatu duten egitaraua:

11:30. Elkarretaratzea Montparnasse geltoki aintzinean, animazioen hastapena eta Euskal Herritik bereziki antolatuak izan diren trenei harrera. 

12:00. Presondegien martxari harrera.

12:30. Manifestaldiaren abiatzea. Euskal Herritik joandako musika eta dantza taldeek alaituko dute. Artista andana batek sound system kamioi baten gainetik animatuko dute manifestaldia:

  • Bad Sound System eta Fermin Muguruza
  • Zebdako Mouss eta Hakim
  • Ogres de Barbackeko Fredo
  • Oreka TX
  • Rocé

14:00. Manifestaldiaren heltzea. Hitz hartzeak.

14:30. Kantuak.

17:00. Gaualdia Pariseko Euskal Etxean.

18:00. Manifestaldiaren bukaera, autobusetara eta trenetara itzulera.