Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketaren finalak jokatuko dituzte Ilunpeko pilotariek asteburuan

Uztarria.eus 2017ko aza. 7a, 21:13

Julen Egiguren eta Jon Alberdi jubenilak Euskal Herriko herriartekoaren finalaurrekoan.

Kadeteen aurreneko mailan Alberdi eta Elosegi ariko dira, eta nagusien aurreneko mailan, Egiguren eta Salegi. Asteasuk hartuko ditu kadeteen finalak, ostiralean. Nagusiek, aldiz, Zumarragan jokatuko dituzte partidak.

Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketaren eskuz binakako lehendabiziko finalak jokatuko dira datorren asteburuan, Asteasun eta Zumarragan. Azpeitiak izango du ordezkaritza jaialdian, Ilunpe pilota elkarteko lau pilotarik jokatuko baitituzte finalak. Eskuz binakako kadeteen aurreneko mailan Alberdi eta Elosegi ariko dira, eta nagusien aurreneko mailan Egiguren eta Salegi.

Alberdik eta Elosegik ostiralean jokatuko dute finala Asteasun, Tolosa-Aurrerako Altuna eta Ugartemendiaren aurka. Partida 19:30ean hasiko da Usarrabi pilotalekuan.

Zapatuan, aldiz, Egigurenek eta Salegik aurrez aurre izango dituzte Intxurreko Zubiria eta Irazustabarrena, Zumarragako Beloki frontoian. Aurreneko mailako mutilen lehia 11:00etan hasiko da.