Generalitateko agintarien espetxeratzeak salatzeko, elkarretaratzea deitu du Udalak

Uztarria.eus 2017ko aza. 3a, 10:29

19:00etan egingo dute kontzentrazioa, plazan. Giltzapean daude atzo arratsaldetik Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea, eta Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundo, Dolors Bassa eta Meritxell Borras kontseilariak. 

Generalitatearen independentzia deklarazioaren ostean eta Espainiak 155. artikulua aplikatu ondoren, Generalitateko hainbat agintari espetxeratu zituen atzo Carmen Lamela epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionalak arratsaldean jakinarazi zuen Lamelaren erabakia: Fiskaltzaren eskaera bere horretan onartu ondoren, goizean deklaratzera joan ziren kontseilari guztiak espetxean sartzea. Horren aurrean, elkarretaratzea egingo du Azpeitiko Udalak gaur, ostirala, 19:00etan hasita, plazan.

Giltzapean daude atzo arratsaldetik Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea, eta Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundo, Dolors Bassa eta Meritxell Borras kontseilariak. Espainiako Fiskaltzak Carles Puigdemont presidentearen eta harekin batera Belgikan diren Generalitateko lau kontseilariren kontrako atxilotze agindua eskatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur erabakiko du Puigdemonten atxilotzea agindu edo ez. Hala egingo balu, Belgikako fiskaltzak erabakiko du Kataluniako presidentea eta haren gobernukideak atxilotzen dituen.