'Giltzadun etxea' antzezlana esklusiban ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean Soreasun

Uztarria.eus 2017ko urr. 26a, 15:10

Soreasu antzokian ari dira obrari forma ematen, eta horren harira, estreinatu aurretik antzerkia jendaurrean eskainko dute gaur. Ikusleen taldea mugatua izango da, eta antzezlana ikusi nahi dutenek izena eman behar dute aurrez.

Ttanttaka Teatroa Soreasu antzokian ari da bere azken lana prestatzen. Giltzadun etxea da ontzen ari diren obra, eta gaur, osteguna, esklusiban eskainiko dute Soreasun. Kulturaz kooperatibaren bitartez, antzezlana estreinatu aurretik ikusteko eta horren inguruan solasteko aukera izango da gaur, 17:30ean hasita. 

Ikusle kopurua mugatua izango da, eta interesa dutenek aurrez eman beharko dute izena. Horretarako, sms edo whatsapp bidez mezu bat bidali beharko dute Giltzadun hitzarekin eta parte hartzaileen izen abizenekin, 674-165 682 telefonora. 

Ainhoa Aierbe, Mireia Gabilondo eta Vito Rogado aktoreak igoko dira oholtzara, gizarte langile talde baten erraietan sartuta. Egunerokotasuna islatzen duten momentuen bitartez, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako bi egoitzatako bizitza biluzten dute obran.