Markel Elias 'Markexa': "Kontzertua parranda zen guretzat lehen, orain serioagoak gara"

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 25a, 15:37
(The Friday’s Crew)

The Friday’s Crewk kontzertua emango du larunbat gauean, Azkoitiko plazan. Aurretik, 23:00etan hasita, Rude Pride ariko da. Uneotan, laugarren diskoa kaleratzear da Azkoiti-Azpeitiko taldea.

2006an "katxondeorako" sortu zen talde hura laugarren diskoa kaleratzear da. The Friday´s Crewk Durangoko Azokan aurkeztuko du Harresien gainetik (Mauka), eta, ondoren, bira txiki bat egingo dute Euskal Herrian, 7-8 kontzertukoa, Bultz taldearekin batera. Aurkezpen kontzertua Azpeitian emango dute, abenduaren 23an. Aurrez, baina, larunbatean, Azkoitian dute hitzordua. Markel Elias Markexa (Azpeitia, 1982) abeslariaren arabera, “inoizko diskorik borobilena” da argia ikustear dena. Harri (bateria), Labaka (baxua eta koruak), Kusto (gitarra eta koruak) eta Iosu (gitarra eta koruak) dira gainerako taldekideak.

Zer ezaugarri izango ditu disko berriak?
Zuzena, indartsua, riff sakonekoa eta soinu kalitate handikoa izango da. Haritz Harreguyrekin grabatu dugu, Higain estudioetan, Usurbilen [Gipuzkoa]. Han grabatu dugun lehen lana da. Bukatu dugu grabatzea, eta, une honetan, fabrikan dago diskoa. Talde indartsuek grabatzen dute Higain estudioetan: Soziedad Alkoholikak, Ken Zazpik…

Beraz, esan daiteke, orain arteko diskorik borobilena kaleratuko duzuela?
Bai, diferentziarekin. Azken diskoa ona zen, baina hau hobea izango da.

Doinu aldetik, zer berezitasun izango ditu?
Beste lanek baino rock-and-roll eta punk-rock ukitu handiagoa izango du, gogorragoa izango da, baina, era berean, melodiak zaindu ditugu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.