Eneko Ibargureni eta beste auzipetuei babesa adierazi eta epaiketa bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2017ko urr. 23a, 12:59

Eneko Ibarguren azpeitiarra eta beste 47 euskal herritar epaituko dituzte datozen hilabeteetan Espainiako Auzitegi Nazionalean. 602 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak 48 lagunentzat, eta 13 urte eta erdikoa Ibargurenentzat. Presoen eskubideen alde lan egiteagatik eta Espainiako zein Frantziako espetxe politikak salatzeagatik atxilotu zuten 2013an Ibarguren Herrira-ko kidea. Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta baldintzapeko askatasunean utzi zuten hiru egun beranduago.

Onargaitza iruditzen zaigu, ETAk armak utzi eta sei urtera, guztia ETA da lelopean mendekuan oinarritutako joko honekin jarraitzea, eta Espainiako Gobernuaren espetxe politika salatzen duten guztien aurka jotzea. Hori dela eta, 2013an esan genuen gauza bera berresten dugu gaur ere. Batetik, gure babes osoa adierazi nahi diegu azpeitiarrari eta gainontzeko auzipetuei. Bestetik, bestelako espetxe politika bat aldarrikatu nahi dugu, eta hori lortzeko lana egiteko konpromisoa hartzen dugu. Espainiaren espetxe politikak Europatik hainbat salaketa jaso ditu: torturengatik, sakabanaketa politikarengatik, mehatxuengatik... hori aldatzeko lanean jarraituko dugu EH Bildutik.

Horrez gain, nabarmendu nahi dugu beharrezkoa dugula Ibargurenek eta gainontzeko auzipetuek eginiko lan politikoa, presoen eskubideak babesteko eta injustizia horien aurka egiten jarraitzeko. Ibon Iparragirre ondarroarrarena dugu kasu bat; oso larri dagoen arren, kartzelan mantentzen dute, haren giza-eskubideak urratuz.

Beraz, 48 auzipetuak babesteaz gain, espetxe politika eta haren mekanismo guztiak salatu nahi ditugu, eta konpromiso politiko irmoa hartzen dugu aldaketara bidean urratsak egiteko, eta justuagoa den eredu baten alde lanean aritzeko.