Beste festa eredu baten alde

Erabiltzailearen aurpegia Xaguxarrak 2016ko uzt. 29a, 14:15

Aurten ere, San Inazio festen harira Azpeitian ekintza zapaltzaile asko egingo dira kulturaren izenean: errekortarien saioak, ganauaren erakustaldiak, zezenketak... Xaguxarren Sarekook (urola mailako sare antiespezista) San Inazioetako ekimen oinperatzaileak bisibilizatzeko asmoarekin gatoz.

Festetan hainbat zapalkuntza oso agerian geratzen dira (zapalkuntzaren izeberga baino ez dena) eta besteak beste, espezismoa ageri da. Espezismoa, izenak dioen bezala, espeziean oinarritutako opresio sistema da, non gizakiok gainontzeko animaliak diskriminatzen ditugun, soilik gizaki ez izateagatik. Beste animaliak baino gehiago garenaren ustearen ondorioa da.

Egun hauetan majina bat behi eta txekor kalean egotera behartuak izan dira erakusketa modura. Errekortarien saioan, gizakion (edo hobeto, gizonen) entretenimendurako pentsatuta, hazita eta "zainduta" dauden zezenak atera dituzte zezen plazara. Beraiekin modu horretan "jolastea" naturala eta normala iruditu zaie ikusle zein parte hartzaileei eta gustura geratu dira beraien ausardia, gizontasuna eta abilezia erakutsi ondoren. Urte askotako tradizioa izateagatik, ez da kuestionatu ere egiten ekintza hauen absurdukeria eta krudelkeria. Beste animalien kontura disfrutatzen duzue?

Zezenak ez dira inorenak, ez dira inoren propietate. Gu guztiok bezala, askatasuna bilatzen dute eta ez kaioletan egotea, gizakien esklabu.  Ikuskizun hauetan beste izaki baten gorputza kosifikatuta geratzen da, erabili egiten da. Ez dira zenbaki bat, interes batzuk dituen norbanakoak baizik.

Nazkatuta gaude jendarteak gainontzeko animaliak norbanako gisa ez kontsideratzea eta horregatik, objetutzat tratatzea. Sentitzen duen orok errespetua merezi duela aldarrikatzen dugu, eta inor ez dela beste inoren askatasunaren jabe.

Askatasun eta errespetuzko festa batzuen alde.