Azoka Herritik

Mikel Esnaola: "Interbentzio zehatzetarako metodologia bat da Eraldia"

Uztarria.eus 2015ko ira. 15a, 13:18

AƱorgan lantegi bat berreskuratu zuten joan den maiatzean. (Topatu.info)

Azoka Herritik egitasmoaren baitan, Eraldia mugimenduaren inguruko hitzaldia izango da gaur, asteazkena, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Joan den maiatzaren 1aren bueltan sortu zuten Eraldia Donostialdean, "interbentzio zehatz bat egiteko". Eraldiaren bitartez, Añorgako Firestone herri lantegi berreskuratuaren proiektua abiatu zuten. Hitzaldiaren aurrerapentxoa egiteko, Eraldian parte hartu zuen Mikel Esnaolarekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Zer da Eraldia?

Eraldia interbentziorako metodologia bat da. Maiatzaren 1aren testuinguruan sortu zen Eraldia eta interbentzio edo esku hartze zehatz bat egiteko sortu zen. Aurrera begira, interbentzio zehatzetarako metodologia proposamen bat ere bada. Elkarrizketa hau Eraldia bera eta Firestoneko herri lantegi berreskuratua bereiziz hasi nahiko nuke. Eraldia gauza bat da eta Eraldiaren bitartez berreskuratu genuen lantegia beste bat. Maiatzaren 1eko asteburuan topo egin zuten biek eta Eraldian berreskuratu genuen fabrika. Orain bakoitzak bere bidea egin beharko du.

"Kapitalismoaren logikatik kanpo aritzen diren proiektuen topaleku izateko” sortu zen Eraldia. Zer esan nahi du horrek? 

Oro har, horrek esan nahi du argi dugula gaur egun bizi dugun sistema kapitalista eta patriarkal hau ez dugula maite, ez dugula nahi eta, ezinbestean, gure bizitza konpartituak beste eredu baten baitan antolatu behar ditugula. Asko gara, baina maiz bakoitzak bere aldetik eragiten du, helburu berdinak izan ditzakeen kideekin kontatu gabe. Aipatu, esaldi horrekin identifikatzen den Donostialdeko herri mugimendu eraldatzaile oro saretzea ezinbestekoa dela gure iritziz eta hori izan zen Eraldia interbentziorako metodologiaren helburuetako bat. Lantegi berreskuratua legoke bestetik. Lantegian sarea baino, proiektu zehatzak abiatu nahi ziren, eta isilik eta poliki bada ere, aurrera doa. Galderako esaldi horrek erreferentzia zuzenagoa egiten dio Añorgako Firestoneko herri lantegi berreskuratuaren proiektuari Eraldia interbentzio metodologiari baino. Kapitalaren metaketa, hau da, aberastea, da kapitalismoaren eta kapitalisten helburua. Guk bizitza jartzen dugu erdigunean eta sistema produktiboak, ekoizpenak, banaketak, kontsumoak... Sistema erreproduktiboak horri erantzun behar dio, bizitza onari. Horrenbestez, logika horrekin bat egiten duen orok du lekua lantegian. Proiektu integrala izan nahiko luke, bizitza eta ekonomiaren ziklo guztiak kontuan hartzen dituena. Beraz, etxebizitza proiektuek tokia dute lantegian, kontsumo taldeek... Baina, egia da, batez ere, ekoizpenera bideratu nahi izan genuela lantegia.

Zeintzuk ziren Eraldiaren eta lantegia berreskuratzearen helburuak?

Egia esan, helburu asko genituen. Aipatu bezala, alde batetik, Eraldiak bere helburuak zituen, eta, bestalde, Firestoneko herri lantegi berreskuratuak beste batzuk. Eraldiari lotuta, lehen helburua, interbentzio metodologia bat sortzea zen. Baina, interbentzio metodologia sortuta Eraldiari berari beste helburu batzuk ere jarri genizkion. Lantegia berreskuratzea zen bat. Donostialdeko herri mugimendu eraldatzaileen sarea egitea zen beste helburuetako bat. Eta azken helburua saretzea Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) logikan ematea izan zen. Harrezkero, lantegia berreskuratu ostean, autoenplegu kooperatiboko proiektu zehatzak abiatzea zen lantegiari dagokionean jarri genuen helburuetariko bat, eta horretan ari gara pixkanaka.

Eraldia hitzari erreparatuz, eraldaketarekin lotura zuzena du egitasmoak, ezta?

Egia esan, nik hala ulertzen dut. Egiturazko zapalkuntza batean bizi gara. Gaur egungoa ez dugu maite, beraz, eraldatu egin nahi dugu eta Eraldia izenaren atzean eraldaketaren aldia dagoela interpretatzen dut nik.

Aipatu duzun moduan, maiatzean hutsik zegoen fabrika bat berreskuratu zenuten hainbat lagunek, prozesu eratzaileari ekiteko. Nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia ederra izan zen. Indarra somatu genuen eta uste dugu diskurtsoan zein praktikan potentzialitate handia duen interbentzioa izan zela. Hala ere, bereizten ditugun bi planoetan helburu asko eta desberdinak genituen eta, egia esan, lan denak ez genituen amaitu.

Bete al zenituzten helburuak?

Beno, batzuk bai, baina ariketa batzuk itxi gabe gelditu ziren. Saretzearen ariketa, adibidez, ez genuen ixterik lortu, baina lana hasita dago eta Eraldiaren txapelaren azpian ez bada ere, berriro heldu beharko diogu.

Zertan da egun Eraldia?

Aipatu bezala, Eraldia ez da zerbait fisikoa, ezta iraunkorra ere. Interbentzio zehatzetarako metodologia bat da eta guri dagokigunez, gure alea jarrita dago. Orain, tresna egokia dela baloratuz gero, Euskal Herriko beste herriren batek hartu beharko du lekukoa. Eta inork hartzen ez badu, lehen Eraldi horretan atera ziren beste ideia batzuk, eta, agian, Añorgan edo Donostialdean helduko diogu berriz.

Eraldiaren xedeari jarraituz, halako egitasmoak beste herrietara edo inguruetara ere zabaltzea nahi duzue, beraz.

Hori da helburua. Beste gai batean, baina Eraldia Aske Gunearen antzeko zerbait dela esango nuke. Gai sozioekonomikoetan interbentzio zehatzak modu zehatzean egitea proposatzen den txapel komunikatibo moduko bat da Eraldia. Bizitza erdigunean jarri eta ekonomiaz berjabetzera baldin bagoaz, hankamotz geldituko litzateke egitasmoa Añorgara eta Donostialdera mugatzen den ekinbidea izango balitz.

Bihar hitzaldia eskainiko duzue Azpeitian. Zer izango duzue hizpide?

Elkarrizketa honetan aipatu diren gauza askoren inguruan jardungo dugu, baina, ziur asko, pausatuago eta sakonago. Gainera, herritarren iritziek, kezkek eta galderek hitzaldia asko aberastuko dutela uste dugu.