Berri pozgarria

Atzo notizia pozgarria jaso genuen. Xabier Otamendi eta Orhantza Alegria absolbitu ditu Audientzia Nazionalak. Zorionak ematen ariko gara guztiok Xabierri eta Orhantzari kartzelaratuak izateko arriskua ekiditeko balio dien epaiagatik (behin betiko izango denaren esperoan).

Baina neri tripak mugitzen dizkit gaiak. Norbaitek esango du "begiratu, justiziak funtzionatu egiten du; absolbitu dituzte eta ez da besterik gertatu". Baina asko gertatu da eta sakona. Gogoratu behar da pintada bat egiteagatik kartzelaratu nahi zituztela bi azpeitiarrak.

Benetan ikaragarria da, pintada bat egiteagatik norbait hainbat urtez kartzelan sartzeko arriskuan jartzen duen sistema judizial eta polizialaren funtzionamendua. Ez sinestekoa. Biolentziaren erreinuaren adierazgarria da. Hori ere biolentzia baita, eta demokraziaren printzipioen kontrakoa, proportzio gabea. Epaiketa egiteak Audientzia Nazionala bera epaitzen du, eta Audientzia Nazionala ez du absolbitzen.

Gainera, Xabier eta Orhantzaren eta euren ingurukoen sufrimendua aipatu nahiko nuke. Urte luzez egon dira epaiketaren zain. Eta gaizki pasatu dute. Kezkatuta. Kartzelara joateko mehatxupean hainbat urtez. Eta dena pintada bat egiteagatik. Ez ote dauka sufrimendu horrek erantzulerik?

Azkena izan dadin nahiko genuke, eta horretan jarri beharko ginateke buru-belarri. Elkartasuna jasotzeko gurasoak eta ingurukoak badituzte Xabierrek eta Orhantzak. Berriro gerta ez dadin oinarriak jartzea dagokigu beste guztioi.