Hamar urte

Gizakiak dena kontabilizatzeko ohitura du, dena zenbatzeko. Guztia zenbakietara ekartzen du, zenbaki bihurtzen du. Hamar urte, kontabilizatzeko era bat. Bederatzi gehi bat, edo zortzi gehi bi, edo... Mende erdiari berrogei kenduta. 3.653 egun. 8.7672 ordu.

Orain hamar urte ez genuen krisirik. Orain hamar urte, gazteagoak ginen. Orduan jaiotako alabak 10 urte bete ditu. Ospatuko dugu. Hamar urte betetzen dituzten enpresek ospatzen duten moduan. Nola ospatu? Zer ospatuko zenuke zuk? Pentsatu, orain 10 urte...

Imaginatu une batez. Non zeunden zu orain hamar urte Otsailean, hotza egiten zuen. Negu gogorra hura ere. Orduko gizarte giroa ez zen oraingoa modukoa. Nahasiagoa zen, baina ekonomikoki hobeagoa.

Une hartan, demokrazian egingo litzatekeen larriena egin zen. Egunkari bat itxi. Arrazoi ideologikoak medio, esango nuke. Agian, haratago, hizkuntza arrazoi.

Ez zegoen arazorik, ez zegoen ixteko argudiorik... baina itxi zen. Legea eskuan hartuta eta errugabeak erruduntzat jota, ia terroristatzat, itxi zen.

Askatasunaren izenean itxi zen Egunkaria. Jendearen askatasuna bermatzeko kazetariei askatasuna ukatu? Demokraziaren izenean eta berau babesteko itxi zen Egunkaria. Informazio eskubidea eta adierazpen askatasuna ukatzen duena da demokrazia? Nazio segurtasunaren izenean itxi zen Egunkaria. Egunkaria moduko enpresa eta egunkari umil eta duinek nazio baten segurtasuna jokoan jartzen dute?...

Berriro, gure herriak bitan zatitu ziren. Aldekoak eta aurkakoak. Hamar urte ondoren, zenbait epaiketen ondoren, gauzak ez dira berdin ikusten.

Ia edonork onartzen du "akatsa" izan zela, "akats" larria. Baina beti daude edozein ekintza babestuko dutenak.

Egunkaria itxi, bere ahotsa isildu, "terrorista izendatu&"... Bizitza kalitatea murriztu izan zaie kazetari horiei hamar urte horietan. Haien bizitzako egun asko lapurtu dizkiete. "Akats" baten ondorioz, egun asko galdu dituzte. Egun horiek ez dira bueltatuko. Ez, beste hamar urte barru ere. Hori bai, "akats" horien erantzuleak? Non daude? Libre?

Nik ez dut ulertzen. Agian kazetaria naizelako, eta kazetariak ez ditudalako terroristatzat, demokraziaren zerbitzaritzat baizik, informazioa eman, eta gero, jendeak erabaki dezala. Nik ez dut ulertzen, nola da posible demokraziaren izenean egunkari bat ixtea. Nik ez dut ulertzen, bere burua demokratatzat duenak horrelako ekintza bat onartzea. Ez dakit, beste hamar urte barru agian...

 

2013ko urtarrialen 31ean Urola-Kostako Hitzan argitaratua


Egunkariaren aldeko ekintza. Argazkia: Nabaizaleko berriak