Ruper Ordorikaren kontzertua zapatu honetan

Oñatiarrak bere ibilbideko kantuak joko ditu Sanagustin kulturgunean bihar (zapatua, urtarrilak 12) eta, jakina, 'Hodeien azpian' azken diskoko kantuak aurkeztuko dizkigu. Dagoeneko eseritako sarrera ia guztiak salduta daude; internet bidez eskura daitezkeen azken 7 sarrera geratzen dira. Zutikako sarrerak, ordea, badaude oraindik. (har ezazu Azpeitiko 2013ko kultur bonoa. 155 euroko baliokoa, 52 eurotan).

Ruper Ordorikaren zain gaude, irrikitan, 'Hodeien azpian' nola aurkeztuko digun entzuteko. Bere musikaz gozatzeko aukera ederra daukagu bihar, Orkatz Kultur Elkartea eta Sanagustin kulturgunearen lankidetzari esker, elkarrekin antolatu baitute kontzertua. 22:30ak inguruan hasiko da.

Aurreneko aldiz eseritako eta zutikako formatuak bateratu egin ditugu eta bi sarrera mota jarri ditugu salgai. Oholtzaren aurrealdetik hasita 180 aulki jarriko ditugu —lehenengo zutabera arte, gutxi gorabehera— eta gainontzeko espazio guztian zutik ikusteko moduan egongo da, beste kontzertuetako gisa eta anbiente berean.

Kontzertua: Ruper Ordorika.
Azken diskoa: Hodeien azpian (2011).
Bideoa: Gure bazterrak kantua.
Eguna: Urtarrilak 12, zapatua.
Ordua: 22:30.
Sarrera: Eserita 12€ / Zutik 10€ (hemen eta kulturgunean salgai).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide