Txapelketako Zirkoa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Euzkitze ( Noticias de Gipuzkoa) 2009ko urr. 26a, 18:37

Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako iritzi artikulua.

 

Bertsolariok tristeak izan gara oholtza gainean, Kristo gurutzean baino tristeagoak, gairik alaienez ari izan arren, jendea algaraka jartzeko ahalmena izanik ere, adierazkortasuna hutsera mugatua bagenu bezala. Salbuespen bakan batzuk izan dira gure mundualdian: Joxe Lizaso, Mattin, Peñagarikano, Gorrotxategi, Lazkao Txiki… Ez arte dramatikoen saria emateko modukoak baina, tira! Xanpun jarriko nuke beste guztien gainetik. Besterik ez datorkit burura. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren irabazleak ere barne-barnean eutsi behar izan dio pozari, bi eskuak altxa eta jauzi bat egitea bekatu mortala balitz bezala. Hori bai, gure futbol taldearen gol bakoitza ondokoak besarkatuz ospa-tzen dugu. Azken boladan izan dira idatzi gabeko protokolo hori hautsi duten pare bat elementu. Xabi Payak 4 urteko haur baten erreakzioa izan zuen Bizkaiko txapeldun izendatu zutenean. Zertara iritsi behar ote dugu, Jainkoarren! Lehengo igandean, aldiz, beste Xabier batek, Silveirak, oholtzatik ihes egin zuen, espero baino puntu kopuru apalagoa entzunik. Irudiak ikusita, oso komikoa da, egia esan. ETAkide atxilotuen antzera ukabila altxa, agertokitik jauzi egin eta, jenartetik pasatu ondoren, ezkutatu egin zen. Berehala pentsatu nuen zer gertatu izango zitzaion, ez zen egindako okerrez ohartu. Autoestimu handi samarra beharko luke hiru poto egin dituela ohartu eta porrotaren errua epaileei egozteko. Jokaerek erretratatu egiten gaituzte. Epaileak lortzen orain dutena baino askoz lan zailagoa izango lukete antolatzaileek noizbait gaizki puntuatuak sentitu izan garen guztiok oholtzatik alde egin izan bagenu. Silveiraren jokaeraren erretratuan sartu eta bere balio osoan estimatu beharrekoa da, halaber, ondoren denei barkamena eskatu izana. Honetan guztian ezerk pozik ematen badit, jokaeron egiazkotasunak ematen dit, jokamoldeok , izan dezaketen on edo txar guztian, txapelketak lehia gordin gisa agertzeko balio duten neurrian. Zer nolako poza hartu ote zuten gainerako bertsokideek Silveiraren poto bakoitzarekin!