Orkatzen 27. urtemuga ospatzeko ekitaldi sorta antolatu dute

Uztarria.eus 2020ko eka. 13a, 19:31

Ekainaren 25etik 28ra bitartean hainbat ekitaldi izango dira Orkatz kultur elkartearen 27. urteurrena ospatzeko. Poesia errezitaldia, presoen aldeko elkarretaratzea, bertso saioa, bazkaria, kontzertuak eta haurrentzako ikuskizuna antolatu dituzte. Ekitaldi guztiak Sanagustin kulturgunean egingo dituzte, babes eta segurtasun neurriak errespetatuta. Ekitaldietarako sarrerak datorren astetik aurrera jarriko dituzte salgai.

Orkatz kultur elkartearen 27. urtemuga ospatuko dute ekainaren 25etik 28ra bitartean. Egun horietarako, adin guztietakoak kontuan hartuta ekitaldi sorta antolatu dute. Ekitaldiak Sanagustin kulturgunean egingo dituzte; koronabirusak eragindako egoera kontuan hartuta, babes eta segurtasun neurriak errespetatuta. Hilaren 27rako, zapatua, antolatu duten bazkarirako izena eman daiteke Orkatzen. Ekitaldietarako sarrerak, baina, datorren astean jarriko dituzte saltzen Orkatzen eta Sanagustin kulturgunean.

Egitaraua:

- Ekainak 25, osteguna
21:30ean, Alde erantzira nabil poesia errezitaldia, Ekhiñe Eizagirrerekin, Sanagustin kulturgunean.

- Ekainak 26, ostirala
19:00etan, presoen aldeko elkarretaratzea, plazan.
22:00etan, bertso saioa, Sanagustin kulturgunean. Bertsolariak: Amets Arzallus, Xabier Silveira, Oihana Bartra eta Jexux Mari Irazu. Sarrera, 6 euro.

- Ekainak 27, zapatua
14:00etan, bazkaria. Bazkaritarako txartela, 20 euro.
19:00etan, Ro eta Trini Fox taldeen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean. Disko bana aurkeztuko dute bi taldeek. Sarrera, 6 euro.

- Ekainak 28, jaia.
17:00etan, haurrentzako ikuskizuna. Ekain & Mikele eta Iago Mago, Sanagustin kulturgunean. Sarrera, 5 euro.