Koronabirusa Azpeitian

Correosek ohiko ordutegia izango du bihartik aurrera

Uztarria.eus 2020ko mai. 31a, 18:33
Correosen Azpeitiko bulegoa.

Azken asteetan ez bezala, bihartik aurrera arratsaldeetan eta zapatuetan ere irekita egongo da Azpeitiko Correosen bulegoa. Bestalde, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan posta bidezko botoa emateko leihatila bereziak ezarriko dituzte hainbat herritan.

Correosek ordutegi murriztua izan du azken asteetan COVID-19 gaitza dela eta, baina bihartik aurrera ohiko ordutegia berreskuratuko dute Azpeitiko bulegoan eta beste hainbatetan. Beraz, 08:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik bulegoa; zapatuetan, aldiz, 09:30etik 13:00etara izango da Correosen ordutegia.

Erakundeak adierazi duenez, uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan posta bidezko botoa ematea erraztu asmoz hartu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bulegoetako ordutegiak zabaltzeko erabakia. Gainera, hiru herrialde horietako hainbat bulegotan leihatila bereziak ezarriko dituzte posta bidezko botoa emateko.