Patxi Ruiz presoaren egoera salatu dute dozenaka lagunek

Uztarria.eus 2020ko mai. 25a, 10:53

Murtziako (Espainia) espetxean preso eta gose greban dagoen Patxi Ruiz presoari babesa agertzeko eta haren egoera salatzeko manifestazioa egin zuten dozenaka lagunek atzo, igadearekin. Patxi Ruiz borrokan. Aminstia osoa! lelopean egin zuten manifestazioa, Zestoako Gaztetxeak, Azpeitiko Gaztetxeak, Urolako Ikasle Abertzaleek, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak deituta.

Hamabi eguneko gose eta egarri greba egin ostean, ospitalera eraman zuten Ruiz, eta sueroa injektatu ondoren berriro espetxeratu zuten. Egarri greba utzi du presoak, baina gose grebarekin jarraitzen du. Aldi berean, hainbat euskal preso Ruizen aldeko ekimenak gauzatzen ari dira egunotan, eta Euskal Herriko kaleetan ere mobilizazioak egin dira egunero: manifestazioak eta kontzentrazioak hiriburu eta herrietan, baita hainbat gose greba eta txandakako baraualdiak ere. "Ruizen osasun egoera larria da, eta ezbehar handiagorik gertatu aurretik egoerari konponbide bat ematea premiazkoa dela uste dugu", adierazi dute manifestazioaren deitzaileek.

Haien arabera, "muturreko" egoera batek bultzatu du Ruiz borroka aurrera eramatera. "Kartzela barruko bizitza infernu bilaka daiteke kartzelarien etengabeko mehatxuak, jipoiak eta seinalamenduak sufritu behar dituenarentzat. Patxik, hainbat preso politiko eta sozialekin batera, 'alarma egoeraren testuinguruan' kartzeletan —kalean bezala— urratzen ari diren eskubideak defendatzeko protesta abiarazi zuen. Kartzelariek Patxi seinalatu zuten protestaren bultzatzaile gisa, eta azken urteetan maizegi errepikatu diren mehatxuak egin zizkioten, hark bere bizitza arriskuan ikusteraino. Egoera honen eraginpean abiatu zuen gose eta egarri greba Patxik, eta gertaera hauekin gauza bat argi geratzen dela uste dugu: kartzelariek, poliziak kalean egin bezala, militante politikoak jazartzen dituzte, azpiratuen eta baztertuen baldintza gabeko defentsa egiteagatik. Norabide horretan, txalotzekoa iruditzen zaigu Patxik abiarazi duen borroka. Horrez gain, kartzelaren izaera klasista eta jasangaitza salatzea ere eginbehar urgentea dela uste dugu".

"Komenigarritasun elektorala"

Testuinguru horretan, "kezkaz" ikusten dute alderdiek eta komunikabideek Ruizen egoera salatzeko Euskal Herrian egunotan egin diren protesta ekimenei egin dieten "kriminalizazioa". Manifestazioaren deitzaileen arabera, "politikariek gizartearen aurrean erantzukizuna izan beharko lukete, eta herritarren eskubidea beharko luke politikarien arduragabekeriak salatzeko aukera" izatea. "Hori ezinezkoa da baldin eta politikariek badute protestaren nolakotasuna arautzeko monopolioa, eta ez herritarrek. Baldintza horietan, 'alderdi ofizialen' zuzeneko kontrolean ez dauden ekimen guztiak 'biolentotzat' jotzen dituzte. Horrela, herritarrek askatasunez protesta egiteko duten aukera are gehiago estutzen dute. Kasu honetan ere, argi geratu da alderdi elektoral guztiei preso baten bizitzak eta kartzeletako oinarrizko eskubideen urraketek bost axola dietela, eta gertakari horien aurrean erabakiak irizpide humanitarioen arabera hartu beharrean, komenigarritasun elektoralaren arabera gauzatzen dituztela".

Bestalde, uste dute gehiegi errepikatzen direla "aniztasunari errespetua" eskatzen dioten aldarriak, eta hori "guztiz tranpatia" dela. "Izan ere, klase arteko gizarte batean bizi gara, eta mugimendu politiko anitzen artean, baliabide erabat desberdinak existitzen dira bakoitzak bere aldarrikapenei oihartzuna emateko. Aberats eta boteredunen interesak defendatzen —edo gutxienez bakean uzten— badituzu, zure mezuek zabalpena izango dute masa komunikabideetan. Burgesiari men egiten ez badiozu, huskeriara kondenatzen saiatuko zaizkizu etengabe. Hori horrela izanda, Patxiren egoerak ez luke oihartzunik izango zenbait ekimen gauzatu izan ez balira —baketsuak guztiak—, eta ekimen horien zabalpena eta kriminalizazioa komunikabideen kontrola duten alderdien interes elektoralen araberakoa ez balitz. Esanguratsua iruditzen zaigu beren burua ezkerrekotzat duten alderdiak eta udalak joko erreakzionario horretan murgilduta ikustea".

Protestarekin bat egin dutenek Ruizi eta bere aldarrikapenei babesa eta bultzada emateko "konpromisoa berretsi" dute. "Amnistiaren bandera hauspotuko dugu, preso politiko independentista eta sozialistei aterabidea eta duintasuna esleitzen dien lema bakarra dela ulertzen dugulako".