Koronabirusa Azpeitian

1,7 milioi euroko eta hamabi lan lerroko Sustapen Ekonomikorako Plan Integrala osatu du udalak

Uztarria.eus 2020ko mai. 23a, 14:57
EAJren bozeramaile Amaia Etxeberria, Leire Goenaga zinegotzia eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, udaletxe aurrean. (Azpeitiko Udala)

COVID-19aren eragina arintzeko eta tokiko ekonomia nahiz industria bultzatzeko sustapen plana adostu dute EH Bilduk eta EAJk, elkarlanean. 1,7 milioi euro bideratu dituzte sustapen planera, eta hamabi lan ildo lagunduko dituzte diruz. Besteak beste, planaren barruan sartu dituzte zaintzarako, saltoki eta ostalaritza gune txikientzat eta oinarrizko beharrak dituztenentzako laguntzak, alokairurako dirulaguntzak, formazioak eta tokiko ekonomia sustatzeko bonoak.

COVID-19aren eragina arintzeko neurriak jasotzen dituen Sustapen Ekonomikorako Plan Integrala onartu du Azpeitiko Udalak, aho batez. Erakundeak azaldu duenez, plan horren helburua da "COVID-19ak eragindako kalte pertsonal eta ekonomikoak arintzeko laguntza lerroei marko bat eskaintzea". Nagore Alkorta alkateak adierazi du, "orain arte hartutako, eta berehalako laguntza eskatzen zuten laguntza lerroez gain, epe-ertainerako ekintza plana" ere biltzen duela Sustapen Ekonomikorako Plan Integralak. Alkortaren hitzetan, "alarma egoerak sortutako kalteak arintzeko urgentziazko erabakiak hartu behar izan ditu udalak, herritarren bizi kalitatean ahalik eta eragin txikiena jasan dezan". Orain, ordea, "aurrera begira erabakiak hartzeko ordua" dela azpimarratu du. Azpeitiko alkateak adierazi duenez, alarma egoeraren lehen bi hilabeteetan "momentuko behar eta eskaerei erantzun azkarra" ematea izan da udalaren helburua: "Udala da herritarrengandik gertuen dagoen erakundea, eta zain egon gabe erantzun beharra dugu".  

Hamabi lan lerro eta 1,7 milioi euro 

Sustapen Ekonomikorako Plan Integralaren barruan, hamabi lan lerro zehaztu dituzte. Udalaren hitzetan, aurkeztu duten plana "bizia" da: "Filosofia edo ildo bat markatzea da helburua, oraindik ere pandemiak zer ekarriko eta sortuko duen ezin baita jakin". Hamabi lan lerroko ekintza plana osatu du erakundeak, hainbat arlori erantzuna emateko helburuarekin: "Herritarren ekonomian eragiteaz gain, tokiko ekonomia eta industria bultzatzeko baliabideak jartzea da helburua. Epe ertainean, martxan jarri gabe dauden lerroak banan-banan martxan jartzea izango da Udal Gobernuaren lana", azaldu du erakundeak.

Elkarlana, oinarri

Aho batez onartu dute Sustapen Ekonomikorako Plan Integrala udalean dauden bi talde politikoek, EH Bilduk eta EAJk. Hori dela eta, plan estrategikoa "adostasun osoz eta elkarlanean" osatu dela azpimarratu du Alkortak. "Herriak eta momentuak alderdion elkarlana eskatzen dute. Plana osatzeko bilerak egin ditugu, baita ekarpenak jaso ere, eta hori eskertu nahi dut. Pozgarria da horrelako gai garrantzitsu baten inguruan bat egitea. Hitz eginez akordioak lortzeko gai garela erakutsi dugu. Egoera zail honi erantzuna emateko baliabideak eta aukerak ditugu". 

Amaia Etxeberria EAJren bozeramaileak ere "pozgarritzat" jo du bi taldeen elkarlana: "Orduak sartu ditugu plan hau adosteko, eta guk egindako zenbait proposamen aintzat hartu dira. Etorri den ekaitzari aurre egiteko aterki bat sortu dugu, eta ados gaude". Zenbait puntutan "ados egon ez arren", elkarlanean aurrera egiteko aukera dagoela adierazi du Etxeberriak, esaterako, turismoaren arloan.