Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan ere positibo berririk ez Gipuzkoan

Uztarria.eus 2020ko mai. 22a, 16:27

Hamahiru kasu berri atzeman ditu Osakidetzak, horietatik lau Araban eta zortzi Bizkaian. Hamahirugarren kasua, berriz, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den pertsona batena dela jakinarazi dute. Lau pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazitako datuen arabera, Osakidetzak hamahiru koronabirus kasu berri atzeman ditu azken 24 orduetan; horietatik lau Araban eta zortzi Bizkaian, eta hamahirugarrena, berriz, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den pertsona bati atzeman diote. Gipuzkoan, berriz, ez dute kasu berririk zenbatu gaurkoan ere. Atzo guztira 4.780 proba egin zituen Osakidetzak: 3.172 PCR test eta 1.608 test azkar.

Datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik 19.254 positibo zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik %88,8k jaso dute senda-agiria. Kutsatutakoen %7,7 hil da guztira hiru lurraldeotan: 1.487 pertsona, atzo arte.