Koronabirusa Azpeitian

Oinarrizko elikagaien banaketa egingo du Janari Bankuak gaur eta bihar

Uztarria.eus 2020ko mai. 20a, 20:14

Maiatzeko ohiko janari banaketa izango da egunotakoa, eta 300 familiak jasoko dituzte elikagaiak gaur eta bihar artean. Apirilean egindako ez ohiko banaketa tarteko, ez zegoen nahikoa elikagai maiatzeko banaketarako. Hori dela eta, "familia guztiei oinarrizko elikagaiak bermatzeko" udalak elikagaiak erosi ditu, eta, modu horretan, 3.317 euroko ekarpena egin dio Janari Bankuari. 

Gaur eta bihar egingo du Janari Bankuak bi hilean behin egiten duen oinarrizko elikagaien banaketa. Joan zen apirilean banaketa gehigarri bat egin zuen Janari Bankuak Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, COVID-19aren ondorioz ezarritako alarma egoerak sortutako beharrei erantzuteko. Oraingoa, aldiz, bi hilean behin egiten duten ohiko banaketa izango da. Ohikoa izanagatik badu berezitasun bat. Izan ere, igo egin da oinarrizko elikagaiak eskatu dituzten familien kopurua.

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, apirilean egin zen ezohiko elikagai banaketa tarteko, ez zegoen oraingo banaketarako behar beste janari, eta "familia guztiei oinarrizko elikagaiak bermatzeko" elikagaiak erosi ditu udalak: 100 kilo arroz, 300 kilo makarroi, 500 kilo gaileta, 3.000 litro esne eta 200 litro olio erosi ditu. Hain zuzen, 3.317 euroko ekarpena egin dio udalak Janari Bankuari. Udal brigadako langileak eta Janari Bankuko kideak gaur eta bihar arituko dira elikagaiak banatzen Janari Bankuak Urola kalean duen lokalean. 

Janari Bankuak eta Udalak 90 familiari banatu zizkieten oinarrizko elikagaiak apirileko ezohiko banaketan. Ohiko azken banaketa, aldiz, martxoan egin zuen Janari Bankuak. 

Oinarrizko beharrei erantzuteko laguntza

COVID-19 gaitzak eraginda, ekonomikoki egoera zailean dauden herritarrak babesteko 362.000 euroko dirulaguntza lerroa zabaldu du udalak. Udalaren arabera, alarma egoerak "behar berriak" ekarri dizkie herritarrei, eta 2020ko ekitaldiko deialdia egoera berrira egokitu behar izan dute. Laguntzak eskatu nahi dituztenek edo informazioa eskatu nahi dutenek, 943- 15 71 92 telefonora deitu edo gizarte@azpeitia.eus helbidera idatz dezakete.