Koronabirusa Azpeitian

Positibo berri bat hauteman dute Gipuzkoan

Uztarria.eus 2020ko mai. 20a, 15:40

Hamar hildako izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken 24 orduetan, eta 26 positibo berri atzeman dituzte PCR testen bidez. Kasu positibo berrietatik bakarra zenbatu dute Gipuzkoan.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazitako datuen arabera, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 26 positibo berri hauteman dituzte; horietatik 13 kasu Araban, 12 Bizkaian eta bakarra Gipuzkoan. Atzo, asteartea, 6.252 proba egin ziren guztira: 4.203 PCR test eta 2.049 test azkar.

Datu ofizialen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 19.017 positibo zenbatu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta horietatik %87'8k jaso dute senda-agiria. Azken orduetan, 301 pertsona sendatu dira.

Hildakoei dagokionean, krisia hasi zenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik hildakoak 1.480 izan dira, atzo baino hamar gehiago. Ospitaleratuta dauden pazienteak, berriz, 41 dira egun; atzo baino lau gutxiago.