Koronabirusa Azpeitian

Festen faltan, gogor kolpatuta

Uztarria.eus 2020ko mai. 18a, 21:00

Badira herrietako festetan lan egiten duten beharginak, beren soldaten zati handi bat jaietan eskuratzen dutenak. Erakundeek oraindik ez dute erabaki zer egin udako festekin eta ekitaldiekin, baina erabakiak zuzenean eragingo die Lopene Ganadutegiko Iosu Arregiri eta Atracciones Sanzeko Juan Pablo Sanzi. Biek diote "egoera oso txarra" dela beren sektoreetan, eta "beltz" ikusten dute panorama.

Koronabirusaren osasun krisialdiak gizarteko sektore ugari kolpatu ditu era batera edo bestera, eta COVID-19 pandemiaren ondorioz ezarritako salbuespen egoerak goitik behera aldatu ditu gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak. Herrietako saltoki eta taberna gehienak irekita dauden arren, badira ohiko jarduerara itzuli ezingo duten langileak, tartean festarik festa ibiltzen diren atrakzioetako langileak eta ganadutegiak. Koronabirusaren krisia tarteko, bertan behera geldituko dira herrietako festetako ekitaldi gehienentsuenak. Horrek zuzenean eragingo die Lopene Ganadutegiko Iosu Arregiri eta Atracciones Sanz enpresako Juan Pablo Sanzi.

Ganaduzaleen egoera "oso txarra" dela dio Iosu Arregik. "Aurten, urteroko gastuak izan ditugu, baina ez dugu diru sarrerarik izango, ezin dugulako inora irten ganaduarekin". Lopene Ganadutegiko zezenak festa ugaritara eramaten dituzte, baina aurten ezingo dute beste herrietara irten. Nahiz eta oraindik ez duten jakinarazi zer gertatuko den datozen hilabeteetako festekin, Arregik "beltz" ikusten du panorama: "Apirilean bi herritako jaietara joatekoak ginen, eta maiatzean zazpi herritara. Pentsa, dagoeneko bederatzi dira galdutako herriak. Ekaineko festak ere bertan behera uzten hasi dira, eta ez dut uste uztailekoak egingo dituztenik. Nahiago nuke festak ospatzea posible izango balitz, baina ni, behintzat, nahiko etsita nago, eta uste dut urte bukaerara arteko festen barruko ekitaldi jendetsuak bertan behera utziko dituztela".

Ekitaldirik ezean, ganadua zaintzen jarraitzea "zaila" dela azpimarratu du azpeitiarrak, animaliak zaintzeak eskatzen duen kostua altua baita: "Nahiz eta ez den guk nahi duguna, animaliak hiltegira eramaten ari gara ez dugulako guztiak mantentzeko baliabiderik. Animaliak zaintzeak duen kostuaren batez bestekoa atera genuen, eta abere bakoitzaren zaintza euro bat da eguneko. Beraz, ganadutegian 100 animalia izanez gero, gastua 3.000 eurokoa da hilabetero. Nik 125 abere ditut gutxigorabehera, eta ez dut guztiak mantentzerik".

Arregik azpimarratu du abeltzainen egoera "oso gordina" dela. Horri buelta eman ahal izateko sustengu ekonomikoa eskatu dute Eusko Jaurlaritzan, baina "ezkor" dago: "Euskal Herriko ganadutegi guztiok elkartea sortu genuen, eta ganadutegien elkartetik eskatu ditugu dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzan. Oraindik ez dugu erantzunik jaso. Dirulaguntzen esperoan jarraituko dugun arren, ez dut uste iritsiko direnik, lan merkatuko sektore guztiak ari direlako laguntzak eskatzen, eta beste sektore batzuk lehenetsiko dituztelakoan nago. Eskerrak tailerrean lan egiten dugun, bestela, akabo". 

Atrakzioetako langileak ere, geldirik

Juan Pablo Sanz altsasuarra da, eta haren familiak 40 urte daramatza Azpeitiko festetara etortzen, "hutsik egin gabe".  Aurten, baina, koronabirusaren osasun krisiaren ondorioz, ezingo dute Sanjuandegiko festetan nahiz saninazioetan atrakziorik jarri Azpeitian.

Neguan apenas izaten dute hitzordurik Atracciones Sanzeko langileek, festa gehienak uda sasoian izaten direlako. Hori dela eta, krisiak "bete-betean" kolpatu dituela dio Sanzek. Zumaiako San Telmo jaiak ziren prestatuta zituzten azken festak, baina haiek bertan behera gelditu ziren, eta orduz geroztik geldirik daude.

Sanzek azaldu duenez, nahiz eta oraindik ez dituzten jaiak bertan behera utzi ofizialki, ez dute Azpeitiko festetara etortzerik izango, eta hori "kolpe handia" dela dio. Izan ere, Sanjuandegiko festak "oso garrantzitsuak" dira beraien negozioarentzat: "Gaur egun guretzako hitzordurik edo datarik garrantzitsuena Sanjuandegiko festak dira, jende ugari bertaratzen baita gure atrakzioetara. Sarrera handiak izaten ditugu, saninazioetan izaten dituguna baino gehiago".

Ferietako edo atrakzioetako langileen egoera "oso txarra" dela aitortu du Sanzek, eta salatu du "inork" ez dituela kontuan hartu. "Politikariek laguntza ugari eman dizkiete hainbat sektoretako langileei, baina gure lan arloarekin ez dira gogoratzen. Asko gara geldirik gauden ferietako langileak, eta oso gogor kolpatu gaitu egoera honek", dio. Hori dela eta, erakunde publikoei galdegin die lagun ditzala festetako ferien bueltan lan egiten duten beharginak.

Egoera "gordina" den arren, baikor dago Sanz: "Gu lanerako gogoz gaude. Arduraz jokatuko dugu, eta horretarako prestatuko gara. Espero dut laster izango garela berriro festarik festa Euskal Herriko jaiak alaitzen".