Koronabirusa Azpeitian

Maitane Diez: "Itxialdi adimentsuaren ondoriozko malgutasunak osasun mental zein fisikoa mantentzen lagundu dit"

Uztarria.eus 2020ko mai. 15a, 20:06

Arkitektoa da Maitane Diez (Azpeitia, 1995), eta urtarrilaz geroztik, Amsterdamen bizi da. Beka bati esker joan zen hara, arkitektura estudio batean lan egitera. Han harrapatu du osasun krisiak.

Koronabirusak hankaz gora jarri du mundua. Nola eragin du gaitzak Herbehereetan?

Euskal Herrira iritsi eta denbora gutxira iritsi zen hona birusa, eta han bezalaxe, ordutik beste hizketarako gairik gabe gabiltza. Neurriak hartzen martxoa erdialdean hasi ginen hemen, intelligent lockdown [itxialdi adimentsua] delakoarekin. Eta orain, normaltasun berrirako bidean, neurri lasaiagoak ezarri ditu gobernuak. Badirudi, beraz, okerrena pasatu dela; zenbakiak beheraka doaz, behintzat. Egia esan behar badut, ez ditut zenbakiak asko begiratu bi hilabete hauetan, komunikabideen zein sare sozialen bidez emandako gehiegikeria saihestu nahian edo.

Polemika eragin dute Herbehereetan ezarri dituzten neurriek. Izan ere, gobernuak ez ditu behartu herritarrak etxean gelditzera, gomendatu baino ez du egin hori. Neurri horren zer balorazio egiten duzu?

Egia da hori, bai; hemen ez dugu itxialdirik izan. Norbanakoaren esku utzi da ardura. Ni ez naiz aditua osasungintzan neurri horien inguruan behar bezala hitz egiteko, baina esango nuke baduela bere zentzua talde-immunitatearen argudioak, birus honekin bateragarria baldin bada, behintzat. Herbehereetan hartu diren neurriekin, kutsatzeak gelditzea baino, kutsatze horiek modu 'kontrolatu' batean areagotzea nahi izan dute, osasun sistemaren kolapsoa saihestu eta talde-immunitatea lortzeko. Esango nuke orokorrean jendeak zentzuz jokatu eta dezente errespetatzen dituela ezarririko neurriak. Hemengo kultura ez da gurea bezain kalekoa, eta zaintza arloa ere oso desberdina da: instituzioak arduratzen dira gehienbat pertsona adinduez. Gizarte indibidualistagoa da, eta beraz, errazagoak dira hemen neurri horiek.

Egun, zer egoeratan zaudete hor? Zertara atera zaitezkete kalera?

Nahiz eta zerbitzu asko bolada batez geldik egon diren, orain pixkanaka martxan hasten ari dira: ile apaindegiak, haurtzaindegiak... Gainerakoan, gutxieneko nahitaezko neurri batzuk besterik ez ditugu bete behar; besteak beste, metro eta erdiko distantzia mantentzea eta gehienez ere hiru pertsonako taldeak elkartzea. Ahalik eta gehien etxean egotea eta beharrezkoa denean bakarrik irtetea gomendatzen badute ere, ez digute inolako oztoporik jartzen kalera ateratzeko; ez dago irtetea justifikatzen duen zerrendarik.

Euskal Herrikoaren oso egoera ezberdina al da hor?

Neurrien aldetik desberdina izan da orain arte, baina orain, faseen kontuarekin, bi herrialdeetako egoerak antza hartzen ari direla esango nuke.

Zer egiten duzu zuk egun batean, normalean?

Aste barruan, lanera joaten jarraitzen dut. Arkitektura estudioa oso txikia da, eta konfinamendua ezarri zen astean, nire lankideak Espainian zeuden. Oraindik han jarraitzen dute, eta beraz, Amsterdamen dagoen bakarra naizenez, bulegora joaten jarraitzen dut. Lanera joateaz gain, erosketak edo kirola egiteko nahiz lagunekin elkartzeko irteten naiz. Egia esan, ez zait asko aldatu egunerokotasuna, erritmoa lasaitu baino ez dut egin.

Zer moduz daramazu ezohiko egoera?

Hasieran, egoera guztiz surrealista iruditzen zitzaidan: kalean jendea elkar saihesten, begiradak, supermerkatuko ilarak... Baina, gainerakoan, nahiko ondo daramat egoera. Hiru arrazoi aipatuko nituzke: hasteko, itxialdi adimentsuaren ondoriozko malgutasunak osasun mental zein fisikoa mantentzen lagundu dit; gainera, bizi naizen etxebizitzak espazialki baldintza ederrak ditu; eta azkenik, Amsterdamgo hirigintza azpimarratuko nuke. Izan ere, nahiz eta biztanleriari dagokionez hiri dentsoa den, berdegune aldetik duen hirigintza estrategiak hiritik atera gabe arnasa hartzea ahalbidetzen du. Espero dut egoera honek hirigintza eta etxebizitza duinaren inguruan hausnartzeko balioko digula...

Koronabirusaren kontu hau hasi zenean, ez al zenuen Azpeitira itzultzerik pentsatu?

Bekaren zein lantokiaren aldetik askatasun guztia izan nuen itzultzeko, baina hemen geratzea erabaki nuen, egoera hobea zelako eta neurrien aldetik askatasun handiagoa genuelako.

Noiz bueltatzeko asmoa duzu?

Hasiera batean sei hilabeteko lanaldia da, baina luzatzeko aukera dago. Beraz, batek daki!