Koronabirusa Azpeitian

Bihartik ostiralera bitartean eskuratu ahal izango dituzte maskarak 65 urtetik gorako herritarrek

Uztarria.eus 2020ko mai. 12a, 14:48

Udalak 15.000 maskara erosi ditu herritarrentzat, eta bihar hasiko da horiek banatzen. Datozen hiru egunetan 65 urtetik gorakoei banatuko dizkiete, COVID-19 gaitzaren aurrean kolektibo "zaurgarriena" horiek osatzen dutelako. Bizilekuaren arabera, leku batean edo bestean eskuratu ahal izango dituzte herritarrek maskarak, herrian jarriko dituzten hamalau postuetan. 18:30etik 20:30era izango dira horiek zabalik.

Bihartik ostiralera bitartean erabilera anitzeko maskarak banatuko ditu Azpeitiko Udalak herritarren artean. Bihar, etzi eta etzidamu 65 urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte, eta banaketarako hamalau postuak 18:30etik 20:30era bitartean jarriko dituzte herriko hainbat lekutan. Dena den, herritarrek beren bizilekutik gertuen dagoen postura joan beharko dute maskarak eskuratzera; hau da, erroldatuta dagoen etxebizitzaen arabera, gertuen dagoen lekura, "herritarrak beren bizilekutik ahalik eta gutxien mugitzeko helburuz".

Udalak bandoak jarri ditu herriko karreretan, horietako bakoitzeko bizilagunek gertuen zein postu izango duten jakin dezaten, eta herritarrei "lasaitasun" mezua zabaldu die Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak: "Jendea hasi zaigu galdezka, eta lasaitasuna eskatu nahi diegu herritarrei. Izan ere, guztientzat iritsiko dira maskarak, eta jendea multzoka biltzea saihesteko eskatu nahi diegu herritarrei. Ilara luzea badago maskarak jasotzeko postuan, beranduago edo hurrengo egunean joatea eskatu nahi diegu, 65 urtetik gorakoek hiru egun dituztelako maskarak eskuratzeko eta denentzat izango direlako".

Udalak 15.000 maskara erosi ditu, eta horiek pixkanaka ari direla iristen jakinarazi du erakundeak. Hori dela eta, banaketa asteka egingo du. Aste honetan 65 urtetik gorakoek jaso ahal izango dituzte, udalaren arabera, adin hortatik gorakoena delako herritar talde "zaurgarriena" COVID-19 gaitzaren aurrean. Udalak gogorarazi du maskarak erabiltzea gomendatu dutela osasun erakundeek, eta gogorarazi du garraio publikoan derrigorrezkoa izango dela horien erabilera. "Gomendio eta betebehar horiei erantzuteko asmoz erabaki du udalak maskarak banatzea, norbere burua eta komunitatea zaintzeko bidea baita babes neurri hori hartzea".

Hona hemen, postuak bizilekuaren arabera:

  • Euskal Herria, Karmelo Etxegarai Ikastolaren ondoa: Euskal Herria auzoko bizilagunak.
  • Baigera II ondoa: Salbe auzuneko 21-40 arteko karreretako bizilagunak.
  • Jose Antonio Agirre plaza: Salbe auzuneko (1-20 artekoak), Jose Antonio Agirre plazako eta Urbitarteko bizilagunak.
  • Barrenetxeko parke berdea: Barrenetxe, Arria eta Oñazko bizilagunak.
  • Loiolabideko plazatxoa: Loiolabideko eta Iñaki Azpiazu kaleko bizilagunak.
  • Urrestillako plaza: Urrestillako, Nuarbeko, Aratzerrekako eta Matxinbentako bizilagunak.
  • Aranako parkea: Arana, Aranagoikoa eta Etxe-Alai auzuneetako bizilagunak.
  • Betharram, Iraurgi Ikastetxeko jolastokia: Pablo VI.eko, Perdillegiko, Artzubiko eta 1766ko Matxinada kaleko bizilagunak.
  • Balentina Agirre plaza: Jose Artetxeko, Ildefonso Gurrutxagako, Foru pasealekuko, San Martin estratako eta Ibaieder kaleko bizilagunak.
  • Garmendi gaineko jola parke ondoa: Agirre auzoko, Garmendiko eta Garate Anaiako bizilagunak.
  • Olazko Amaren plaza: Errebaleko, Goikokaleko, Olazko Amaren plazako eta Santutxoko bizilagunak.
  • Plaza Txikia: Enparan kaleko, Elizkaleko, Erdikaleko, Plaza Txikiko eta Perez Arregi plazako bizilagunak.
  • Plaza: Done Jakueko, Txaribarko errebaleko, plazako, Landetako, Elosiagako, Izarraitz auzoko eta Loiolako bizilagunak.
  • Julian Elorza hiribidea: Joan XXIII.eko, Iberotarren plazako, Julian Elorzako, Odria auzoko, Soreasuko, Damasoko, Madalenako eta Enparangaingo bizilagunak.