Koronabirusa Azpeitian

Elizkizunak egiten hasi dira, hainbat mugarekin

Uztarria.eus 2020ko mai. 11a, 18:39

Frantziskanetan egunero emango dute meza, 09:00etan; parrokian, astelehenetik ostiralera 19:00etan, larunbatetan 18:30ean eta igandeetan 12:30ean; eta Esklabetan, igandeetan, 11:15ean. Hiletak egiten ere hasiko dira, baina mugatuta. Deskonfinamenduaren lehen fasean, berez sartzen den jende kopuruaren herenak sartu ahal izango du elizara.

Deskonfinamenduaren lehen fasean sartzearekin batera, gurtza eta otoi lekuak irekitzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak, eta hala egin dute Azpeitian, osasuna babesteko segurtasun neurriak hartuta eta ezinbestean errespetatu beharreko mugak jarrita. Gaur goizean egin dute lehendabiziko meza Frantziskanetan, eta arratsaldean egingo dute parrokian.

Azpeitiko parrokiko arduradunek jakinarazi dutenez, aurrerantzean, ohiko ordutegian egingo dituzte elizkizunak. Frantziskanetan, egunero egingo dute meza, 09:00etan; parrokian, astelehenetik ostiralera 19:00etan egingo dute, larunbatetan 18:30ean eta igandeetan 12:30ean; eta Esklabetan, igandeetan 11:15ean.

Hori bai, deskonfinamenduaren lehen fasean egonik, elizkizun horietara joaten diren herritarrek hainbat gauza hartu beharko dituzte kontuan. Horietako bat da elizaren edukieraren heren bat bakarrik bete ahal izango dela, eta elizkizunetarako doazen herritarrek elkarren arteko segurtasun tartea zaindu beharko dute. Hori ziurtatzeko, markatxoak jarri dituzte eserlekuetan. Sarreran laguntzaileak egongo dira herritarrei non eseri adierazteko eta haiek segurtasun tarteak zaintzen dituztela ziurtatzeko. Maskara jantzitza joateko aholkua eman dute: "Ez da derrigorra, baina bai gomendagarria".

Sarrerako ateak meza eta elizkizun garaietan irekita egongo dira, inork ukitu ez ditzan, eta gel hidroalkoholikoa egongo da sartzerakoan eta irtetzerakoan eskuak garbitzeko. Sarrera-irteeretan ere segurtasun tarteak zaintzeko eskatu dute.

Arrisku talderen batean dauden herritarrei, berriz, etxean geratzeko eta elizkizunak etxetik jarraitzeko gomendatu diete, izan telebistaz, irratiz edo online. "Osasun arduradunen aholkua ez ezik, eliz arduradunen gomendioa ere bada hau".

Hiletak eta bataioak

Eguneroko elizkizunez gain, hiletak eta bataioak egiten ere hasiko dira. Hori bai, pandemia egoera hau gainditu artean behintzat, hiletak banaka egin beharko dituztela jakinarazi dute. "Hildako bakoitzaren inguruan elizkizun bat, mugatuta geratzen zaigu-eta parrokiko edukiera".

Azken bi hilabeteotan atzeratu dituzten bataio eta hiletak ere egiten hasiko dira, pixkanaka eta familiekin adostuta. Kepa Susperregi parrokoak adierazi du hasi dela familiekin hitz egiten elizkizun horiek noiz eta nola egin erabakitzeko. "Etxekoen hileta ospatu nahi duten familiei gurekin harremanetan jartzeko eskatzen diegu, hileta elizkizuna noiz egingo dugun elkarrekin erabaki dezagun". Horretarako, 943-81 11 42 telefono zenbakira dei dezakekete.