Koronabirusa Azpeitian

Positibo berririk ez Azpeitian, datuen azken eguneraketan

Uztarria.eus 2020ko mai. 7a, 15:59

Hamasei dira pandemia hasi zenetik herrian baieztatu dituzten COVID-19arekin kutsatutako kasuak. Urola Kostan, berriz, bi positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, bat Orion eta bestea Zarautzen.

Azken egunetako joera eten egin da, eta bi koronabirus kasu berri atzeman dituzte Urola Kostan azken orduetan. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera, Zarautzen eta Orion hauteman dute kasu positibo berri bana. Azpeitian, aldiz, ez dute positibo berririk atzeman, bosgarren egunez jarraian; horrenbestez, hamasei dira pandemia hasi zenetik herrian baieztatu dituzten COVID-19arekin kutsatutako kasuak.

Eskualdean, berriz, kontaketa hasi zutenetik 261 positibo zenbatu dituzte: 143 izan dira kutsatuak Zarautzen, 48 Zumaian, hemeretzi Orion, hamazortzi Azkoitian, hamasei Azpeitian, bosna Getarian eta Zestoan, lau Aian eta hiru Aizarnazabalen.

Lurraldekako datuak

Lurraldekako datuetan arreta jarriz gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 33 kasu positibo berri atzeman dituzte PCR testak eginda eta, guztira, 13.041 dira PCR testetan positibo eman dutenak. Hala ere, test azkarretan hautemandako positiboak ere kontuan hartzen badira, 16.959 dira kutsatuak. Dena dela, gaixoen %77 dagoeneko sendatu da, eta azken orduetan 321 lagunek jaso dute senda-agiria.

Koronabirusagatik hildakoen kopurua ere eguneratu du Eusko Jaurlaritzak; azken orduetan 19 izan dira hildakoak eta, guztira, 1.383 lagun zendu dira COVID-19aren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroako Gobernuak ere plazaratu ditu datu eguneratuak, eta zehaztu du, kontaketa hasi zutenetik, 7.010 lagun kutsatu direla koronabirusarekin, eta 480 lagun hil direla.